Sarea

Herritarrek nafarren arteko ezberdinkeriarekin amaitzeko eskatu dute Lizarraldean

DSC_0015Lizarraldeko euskalgintzak amaiera eman dio, apirilaren 19an aurkeztutako Euskara Ofiziala Nafarroa Osoan ekimenari, azken asteotan eskualdean jasotako herritarren eskabideak Lizarrako Udalaren esku utziz.

Guztira 668 eskabide bildu dituzte Lizarraldean, horietatik 342 Lizarran, 73 Villatuertan eta gainerakoak, eskualdeko herrietan banatuta. Lizarran bildutako eskaerak herriko udaletxeko erregistroan sartu dituzte maiatzaren 24an, ostegunarekin.

Euskalgintzako ordezkariak aurkezpena egin zenean egindako hitzak gogorarazi ditu: “bere horretan jarraitzen du euskaldunok Nafarroan pairatzen dugun bereizkeriak”. Bazterkeria horren eragilea hizkuntza-eskubideen eskualdekatzea dela ere esan du euskalgintzako eledunak. “Eremu euskalduna izendatutakotik kanpo, nafarrok ez dugu ziurtatuta euskaraz aritzeko hautua errespetatzea. Erakundeek ez dute zerbitzu publikoak euskaraz eskaintzeko beharkizunik. Ordea, gaztelaniaz bizi nahi duenak aitortua eta bermatua du, Nafarroa osoan, gaztelaniaz artatua izateko eskubidea. Horrela, legez ezarrita dago nafarren arteko ezberdinkeria”, gaineratu du Susana Bidartek. “Euskaldunok zailtasun handiak ditugu, euskaraz bizitzeko. Bizipen horiek kontatu dizkigute herritarrek, eguneroko mila borroka, euskaraz bizitzeko. Horiek ekarri ditugu udaletxera”.

Horrela, Bidartek gogoratu du eskaera bakoitzaren atzean herritar bat dagoela: “musika-eskolan euskaraz eskaintza jasotzen ez duten herritarrak; euskara erabiltzeko espazioak eskaintzen ez zaizkien herritarren seme-alabak; osasun zerbitzua euskaraz jasotzen ez duten herritarrak … Milatik gora gertaera eta horiek izebergaren tontorra besterik ez dira”.

Horrekin batera, Bidartek azaldu du begi onez hartu zutela denbora-tarte honetan Parlamentuak ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzeari begira Euskararen Lege berri bat proposatzeko batzorde berezi bat sortu izana: “Berri pozgarria da, bai, eta horregatik, lege berri horri Lizarraldeko euskaltzaleok ekarpena egin diogu, pasa den maiatzaren 4an, Kontseiluak antolatutako lan-saioan. Egunerokoan euskaraz bizitzeko ditugun zailtasunak aztertu eta horiei irtenbidea emateko, legeak zer neurri jaso beharko dituen proposatu dugu. Neurri horien artean, nabarmendu da euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea,” gaineratu du.

 

Saretu:

, , , , , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna