Sarea

Hezkuntza-lege berrian urrats ausarta egiteko garaia da

 

Kontseiluak ekarpena egin du Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Legearen Aurreproiektua egin aurretiko kontsulta publikoan, egungo hizkuntza-ereduen sistema gainditu eta ikasteredu orokortua ezartzeko eskatu du.

Duela bi aste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Bizkaiko ikastolen jaian, Ibilaldian, adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak irekia zuela hezkuntza lege berri baten aurreproiektua egin aurretiko kontsulta. Horren aurrean, Kontseiluak ekarpen zuzena egin du: “Gogoratu behar dugu hezkuntza zutabea dela euskararen normalizazio-prozesuan eta, gainera, eremu horretan Kontseiluak, sektorearen gehiengoarekin batera, aspaldi du mahai gainean jarrita ikasle euskaldun eleaniztunak erdiesteko jarraitu beharreko bidea” esan du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Ekarpenean, lehenik eta behin, Kontseiluak azpimarra jarri nahi izan du hezkuntza lege berriak egun dauden arazoei konponbidea eman behar diela: “Horren harira, ekarpenean eskatu dugu, hezkuntza-lege berri bat idatziko bada, ereduek zein emaitza eman duten kontuan hartu behar dela, hain zuzen ere, lege berriak egon izan diren disfuntzioak zuzendu ahal izateko”.

Aztikerrek eta EHEk aurkeztutako txostenetako datuak baliatu ditu kontseiluak egungo sistemaren emaitzak plazaratzeko. Horrela, datuotan eta ofizialtasunak ezartzen dituen ondorio juridikoetan oinarriturik, Kontseiluaren aburuz, lege berriak murgiltze-eredu orokortua abiatzeko agindua jaso beharko du, bai eta egungo hizkuntza-ereduen sistema desagerrarazi ere. Gainera, Kontseiluak uste du, lege berriak ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan erdietsi beharreko gaitasunak (gutxienez, B2 hizkuntza ofizialetan) eta gaitasunak ebaluatzeko tresnak ere zehaztuko beharko dituela.

Horrekin batera, Kontseiluak, besteak beste, bi elementu mahai gaineratu nahi izan ditu ekarpenean; batetik Auzitegi Konstituzionalak emandako 2019ko apirilaren 11ko epaian, ateak ireki zizkiola murgiltze bidezko eredu orokortuari. Eta, bestetik ikasteredu orokortuaren alde egiten dutela hezkuntza komunitateko gehiengo zabalak, euskalgintzak, eta euskal gehiengo sindikalak ere. “Hurrengo urteak baldintzatuko dituen lege berri ausarta behar dugu, urratsa egiteko unea da, zabaldu den aukera probestu beharra dago” gaineratu du Bilbaok.

Saretu:

, , , , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna