Sarea

Hezkuntzan euskara erdigunean kokatzeko neurri berezituak behar direla berretsi diote hainbat eragilek Nafarroako Gobernuari

Pandemiaren eraginez, Nafarroan ikasturte berriaren hasieran euskarak bizi duen egoera kezkagarria salatzeko eta euskara erdigunean kokatzeko hezkuntzan hartu beharreko neurriak berresteko agerraldi bateratua egin da gaur Antsoainen. Sortzen, Nafarroako Ikastolen Elkartea eta Ikama hezkuntza eragileak, ELA, LAB eta Steilas sindikatuak eta euskalgintzak bat eginda irakurri dute adierazpena, eta azken honen ordezkari gisa bertaratu da, hain zuzen, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak etxealdiak sektore ezberdinetan utzitako albo-kalteak identifikatu eta urgentziazko neurriak aldarrikatu zituen ekainean. Tartean zen hezkuntzaren alorra ere, eta Paul Bilbaok adierazi bezala, «itxialdia izan zenetik bertatik agertu dugu kezka honek guztiak ikasleen euskara gaitasunetan utziko dituen ondorioekin». Hizkuntza paisaiari eta errealitate soziolinguistikoari erreparatuta, gainera, Nafarroako kasua are adierazgarriagoa eta kezkagarriagoa da: «Hezkuntzaren eremuan ere ahulenari gogorrago eragin dio, hain zuzen ere, euskara etxetik jasotzen ez duten, edota ingurune erdaldunetan bizi diren haurrei». Marta Diez Sortzen elkarteko Nafarroako koordinatzaileak ere argi hitz egin du: «Itxialdiak euskararen ezagutzari ekarri dizkion kalteak ikaragarriak dira, eta ezinbestekoa da kalte-ondorioei irtenbide serio eta egokia bilatzea».

Bide horretatik, ‘Geroa Euskaratik’ adierazpena oinarri hartuta hezkuntzan euskara erdigunean kokatzeko neurri zehatzak proposatu dizkiete eragileek Nafarroako Gobernuari. Bilbaoren hitzetan, «hezkuntza ezagutzaren unibertsalizazioaren, eta beraz, hizkuntzaren normalizazioaren zutabe izanik, ezinbestekoa da neurri berezituak agertzea». Besteak beste, hizkuntza errefortzuak indartzea, ikasle ratioak jaistea eta egokitzea, ahozkotasuna lantzeko errefortzuak jartzea eta ikasleen hizkuntza beharrei erantzuteko baliabide pertsonal eta materialak handitzea izan dira iradokitako neurriak. Horretarako, euskara sustatzeko inbertsio eta baliabide gehiago aldarrikatu dituzte. Bilbaok adierazi bezala, «Gobernuak nahitaezkoa du neurri berezituak hartzea gutxiago duen horri behar beste emateko kohesioaren, bizikidetzaren eta berdintasunaren alde egingo badu».

Halaber, aipagarria da adierazpen honek euskalgintzatik eta hezkuntza eragileetatik harago lortutako atxikimendua. «Garrantzi handia du», Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan, «euskalgintzaz kanpoko eragileek ere bat egiteak aldarriarekin».

Saretu:

No comments yet.

Utzi erantzuna