Sarea

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena, politikatik gobernarantzara

Kontseiluak udalen hizkuntza-politika eraginkorrerako tresna “egingarria eta eragingarria” partekatu du euskalgintzako, instituzioetako eta askotariko eragileen artean

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Hizkuntza Eskubideen Protokoloa: Udal Garapena izeneko tresna aurkeztu du Gasteizko Euskararen Etxean, Oihanderren; Udal errealitate ezberdinei erantzuten dion gida da, “euskalgintzak eta udalak elkarrekin jarduteko bitartekoa, politikatik gobernantzara jauzia egiteko tresna”.

Horrela aurkeztu du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, saioan parte-hartu duten udal ordezkariekin batera. Izan ere, bertan izan dira, hizkuntza eskubideen eta politika eraginkorren inguruan iritziak partekatzeko, Lasarte eta Antsoaingo euskara zerbitzuetako teknikariak, Iñaki Arruti eta Elvira Lizeaga; eta Gasteizko Udaleko Alkateorde eta Euskara zinegotzia den Iñaki Gurtubai.

Euskalgintza, Jaurlaritza, Aldundia, UEMA, Udalbiltza, eragile sindikak eta politikoak… osatzen duten askotariko lagunak gerturatu dira Euskararen Etxera hizkuntza-eskubideak bermatzeko tresna berria ezagutzera; 2016ko abenduaren 17an aurkezturiko Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloan oinarrituriko dokumentua. Ildo horretatik, Paul Bilabok adierazi duen bezala, tresna berriak Protokolo nagusiaren balioak ditu oinarri: Hizkuntza-eskubideen aitortza, araudi egokia, neurri zuzentzaileak hartzea, baliabideak bermatzea, neurri positiboak hartzea, hizkuntza-politikaren zehar-lerrotasuna aplikatzea, etab.

 

Jardunaldiak hausnarketarako tartea eman du; Lasarte eta Antsoaingo euskara zerbitzuetako teknikariak diren Iñaki Arruti eta Elvira Lizeagaren mahai inguruarekin. Ane Zugazubiskar gidatuta, Gipuzkoako eta Nafarroako udal administrazio errealitate ezberdinak aztertu dituzte, herritarrekiko harremanak, hizkuntza-neurriak, euskara-zerbitzuetako ibilbide eta bizipenak eta erronka berriak mahai gainean jarrita.

Jarraian, udaletako euskara-zerbitzuen historian Gasteiz euskara-zerbitzua sortu zutenetako bat izan zela gogorarazi ostean, Udaleko Alkateorde eta Euskara zinegotzia den Iñaki Gurtubaik hartu du hitza.

Bukatzeko, Kontseiluaren ordezkariak tresnaren osagarriak azaldu ditu, baina, finean, bi ideia nagusi azpimarratu ditu:

Batetik, Udalen eskumenei erreparatu die, “hizkuntza-politikak garatzeko eskumen handiak dituztela” adieraziz, eta baieztatu du “askatasun handia dutela urrats eragingarriak egiteko; horrexegatik erabaki zuen Kontseiluak udaletako hizkuntza-politiketan zuzenean eragiteko proposamena egitea. Batzuetan eskumen osoa dutelako, besteetan partekatua duelako, beste batzuetan zuzenean edo zeharka laguntzen dutelako eta, azkenik, hainbatetan Udala zerbitzu hartzaile edo kontsumitzaile delako hainbat eremutan eragiteko aukera ikaragarriak ditu”.

Bestetik, aurrez esan bezala, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloari egin dio erreferentzia, bere balioak gogoraraziz, eta nabarmendu du “errealitate desberdinei erantzun diezaiekeen tresna izatea dela helburua. Are gehiago, Udal Garapenak aukera emango du politika integralak planteatzeko edo-eta eremukakoak: hezkuntza (aisialdia, musika-eskola…), onomastika, eremu sozioekonomikoa, hedabideak eta teknologia berriak eta kultura”.

Horri lotuta, gainera, aurreratu dute udalak biltzen dituzten eragile UEMArekin, EUDELekin, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin eta Udalbiltzarekin hurrengo egunotan hitzordua jarri dutela proposamenaren berri zuzena helarazteko.

Amaitzeko, eskubideen bermearen alde egiteak harreman- eta elkarbizitza-eredu demokratikoari eragiten diola gogorarazi du Paul Bilbaok, Udal Garapenak eskaintzen duen aukera berri honekin bat egitera animatuz.

Hizkuntza Eskubideen Bermerako Protokoloa: Udal Garapena


DESKARGATU HIZKUNTZA ESKUBIDEAK BERMATZEKO PROTOKOLOA: UDAL GARAPENA

Saretu:

, , , , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna