Sarea

Ikasturte berrian euskararen gaia ere erdigunean kokatzeko beharra gogorarazi die Kontseiluak instituzioei

‘Geroa Euskaratik’ adierazpena aurkeztu zuen Kontseiluak ekainean bazkideak alboan zituela (albistea, hemen). Pandemiari aurre egiteko euskalgintzarako urgentziazko neurriak jasotzen ditu adierazpenak, eta tartean daude hezkuntzari lotutako berehalako hainbat neurri ere (adierazpena, hemen).

Ikasturte berriko eskolaratzearen eta kudeaketaren bide orriak zehazten ari diren honetan, baina, kezka da nagusi bazkideen artean. Pandemiaren aurretik ardura zuen Kontseiluak ikasleen euskara gaitasunarekin, eta itxialdiak ezagutzan eragin dituen kalte-ondorioei erreparatu beharra ezinbestekoa zela uste zuen. Hala ere, ikasleen artean hizkuntza-arrakalak sortzeko aukeraren larritasunak talka egin du errealitatearekin, eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan, «orain arte, tamalez, ezer gutxi entzuten ari da ikasturte berriaren eskolaratzean euskararen gaiak izan beharreko arretaz».

Bilbaoren hitzetan, «hezkuntzaren eremuak kezka handia sortu izan du itxialdiaren hasieratik; izan ere, milaka eta milaka haurrek eta nerabek ez dute inolako loturarik izan euskararekin ia urte erdiz». Bide horretatik, Kontseiluak dei egin nahi die instituzioei eta bestelako eragileei eskolaratzean euskararen gaia ere erdigunean kokatzeko.

Hizkuntza ardatz hartuta

Adierazpenean zehaztu bezala, hizkuntzaren gaia «behar bezala» kokatzeko garaia dela uste du Kontseiluak, baldin eta «berdinzaleagoa, demokratikoagoa, kohesionatuagoa eta eskubideen bermean oinarritutako etorkizun berri baten aldeko apustua egin nahi bada». Ondorioz, eta hezkuntzan euskara gaitasunari dagokionez ikaslerik atzean ez uzteko, ezinbestekoa da eskolaratze berri honetan hizkuntza ardatz izatea.

Murgiltze eta mantentze eredu orokorra ezartzeko bidean, halaber, beste hainbat neurri zehatz ere proposatzen ditu bazkideekin elkarlanean osatutako adierazpenak:

Gaitasunen ebaluazioa egitea ikasturte hasieran, neurri zuzentzaileak hartu ahal izateko.

-Hizkuntza errefortzuak (HIPI-ak) indartzea.

-Ikasleei hizkuntza ikuspegitik izango dituzten beharrei erantzuteko baliabide pertsonal eta materialak gehitzea, besteak beste, Hizkuntza Normalkuntza Planen eta hizkuntza-proiektuen egokitzapena egiteko bitartekoak esleituz.

Ikasle ratioak egokitzea: irakasleek gelako aniztasun orokorrari erantzuteko (horien artean hizkuntza aniztasuna) aukera gehiago izango lituzkete ikasle ratio txikiagoa izanda.

Ahozkotasuna jorratzeko errefortzuak lehen egunetik abian jartzea.

-Ikasleen emozioak euskararen erabilerarekin lotzeko helburua duten programak abian jartzea.

Une erabakigarrian, neurri ausarten beharra

Ostiralean aurkeztu zituen Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilariak eskolaratzean hartuko dituzten zenbait neurri; besteak beste, 666 irakasle berri kontratatzea eta lanaldi jarraitua ezartzea urritik aurrera. Ikasleen euskara gaitasunak hobetzeko aurreikuspenen inguruan, baina, neurririk ez.

Horren karira, ekainean izandako Euskararen Nafar Kontseiluan Paul Bilbaok ikasleen euskara gaitasunen inguruko kezka agertzeaz gain, Hezkuntza Departamentuari horren berri emateko neurriak har ditzan eskatu zuen: «pandemiak astindu aurretik ere, Kontseiluak esana zuen euskalduntze prozesuak beste fase batera igaro beharra zuela, eta horretarako hizkuntza-politikak berrikusi eta birpentsatu behar genituela».

Eusko Jaurlaritza datozen egunotan aurkeztekoa da ikasturte berrirako eskolaratze plana, eta ikusteko dago non kokatzen duen hizkuntzaren afera. Bilbao idazkari nagusiak argi du: «ezin diogu bizkar eman hizkuntzaren auziari: erakundeok, eragileok eta herritarrok egunerokoan egiten ditugun hizkuntza hautuek bideratzen dute hizkuntza-politika jakin bat. Horrexegatik, hezkuntzaren eremuan ere neurri zehatzez osatutako politika garatzeko ordua da».

Saretu:

No comments yet.

Utzi erantzuna