Sarea

Joan Mari Torrealdairen heriotzaz: “Euskalgintzaren balioak islatzen dituen pertsona izan da”

Euskara izan da Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942-Usurbil, 2020) soziologo, kazetari eta ikerlariaren jardun eskergaren ardatza: Jakin aldizkariaren bidez euskal pentsamendua eta euskara sustatzen jardun zuen gaztedanik, Euskaldunon Egunkaria euskal kazetaritzaren egunkari mugarriaren sortzaileetako bat izan zen -baita horregatik atxilotu ere-, eta euskarak jasan duen zentsura eta zapalketa ikertzeaz gain, euskal liburugintzako ikerlari nagusienetako bat ere izan da, besteak beste.

Etxekoa ere bagenuen. Kontseiluaren sorreran parte hartu baitzuen, zuzendaritzako kidea bi urtez izanik. “Euskalgintzak bilgune indartsua behar zuela defendatu du beti Joan Mari Torrealdaik”, oroitarazi du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. “Kontseilua behar-beharrezkoa zela sinetsita zegoen, eta ardura hau hartzea egokitu zitzaidanetik, beti izan ditut bere animo- eta aupada-mezuak”. Horregatik, bere heriotzaren albistea atsekabez jaso du Kontseiluak.

Euskalgintzaren oinarritik

Euskalgintzaren oinarria herrigintza dela zioen Torrealdaik. Hala aldarrikatu zuen 2016ko abenduan Donostian Kontseiluak egin zuen Protokoaren aurkezpen ekitaldian:

“Herri ekimenaren formula ez da iraganekoa eta ez dago iraungia. Ezta gutxiago ere. Globalizazioaren haizeteak dena berdindu, homogeneizatu, eta uniformetu behar duen honetan, are beharrezkoagoa da  hizkuntza komunitate antolatuaren esku hartze zuzen eta proaktiboa. Guztiz konbentziturik nago, aurrerantzean ere, hizkuntzaren estatusa edozein delarik eta legeak aldeko izanik ere, hizkuntza komunitateak eutsi beharko diola hizkuntza gutxituaren normalizazio soziolinguistikoari” (hitzaldia osorik hemen).

Ekitaldian parte hartzeko aukera eskaini izana “opari bat” izan zela esan zuen Torrealdaik. Bere izaeraren adibidea da jarrera hori: “euskalgintzaren balioak islatzen dituen pertsona izan da: euskararen aldeko lana, herrigintza eta hizkuntza-komunitatea izan ditu beti oinarri”, berretsi du Kontseiluko idazkari nagusiak. “Ezina eginez ekina esaeraren esanahia azaltzeko eredua da”.

Horregatik, “eskerrak emateko, aitortza egiteko… nahikoa hitz ez dago”, dio atsekabez Bilbaok. “Euskararen liburu beltza zentsurari buruzko saiakera idatzi zuen Torrealdaik. Baina, ziur naiz bere izena ez dela ixilean geratuko. Euskal Herriko liburuetan letra larriz idatzita geratuko da”.

Saretu:

No comments yet.

Utzi erantzuna