Sarea

Kontseiluak bat egin du larunbatean Parisen izango den mobilizazioarekin

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen plataformak egindako deialdiarekin bat egiteaz gain, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren ordezkaritza ere bertan izango da, tartean, idazkari nagusia.

Hainbat hizkuntza gutxituren berreskurapenaren alde lan egiten duten eragileek osatzen dute aipatu plataforma, eta bereziki Frantziako Hezkuntza Ministerioa garatzen ari den politika salatuko dute, besteak beste, bigarren hezkuntzan egin nahi duten erreforma edota batxilergoaren berrantolaketa.

Horrexegatik, hain zuzen ere, elkarretaratzea Ministerioaren aurrean egingo dute. “Badakigu, bai, hezkuntza-sistema oinarrizko zutabea dela egoera gutxituan dagoen hizkuntza baten normalizazio-prozesuan, eta horrexegatik, hain zuzen ere, botere publikoek horren kontra egin izan dute hizkuntzaren garapenari galga jartzeko” azaldu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Izan ere, Kontseiluko eledunak adierazi bezala, “egun Estatuan ez dago borondate errealik hizkuntza politika eragingarriak abian jartzeko. Horrela itxurakeriaren atzean ezer ez dagoela esan behar dugu”.

Mobilizaziorako garaia dela uste du Kontseiluak, eta horrexegatik Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen Plataformak Parisera deitu izana txalotu du: “Mezu zuzena helarazi behar zaio hezkuntza ministroari, non eta bere egoitzan, kontuan hartuta murgiltze-sistemaren aurkako mezuak zabaltzen ari dela” gaineratu du.

Ondorioz, larunbatean, goizeko hamaiketan, Hezkuntza Ministerioaren egoitza nagusiaren aurrean Kontseiluko ordezkaritza ere izango da, idazkari nagusia buru.

Saretu:

, , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna