Sarea

Lan deialdi publikoetan benetako “aldaketa” erakutsi behar du Nafarroako Gobernuak

IMG_8851

Nafarroako Gobernuak hezkuntzarako lan eskaintza publikoarekin egiten ari denak kezka handia sortu dio Kontseiluari. Ildo horretan, argi adierazi nahi du ez dela hau “aldaketaren gobernua”ren aldetik espero zuena eta erabat desegokia iruditu zaio deialdi honekin Gobernua egiten ari dena.

Administrazio batek, edozein izanik ere, profesionalik hoberenak kontratatu behar ditu. Esan gabe doa, ezagutza handiena duena dela profesional onena. Herritarren hizkuntza hautuak bermatu behar ditu profesionak horrek eta hori pertsona elebidunak bakarrik egin dezake Nafarroan.

Ezin dugu ahaztu, herritarra dela administrazioaren aurrean eskubideak dituen bakarra. Herritarrak administrazioarekiko harremanak berak hautatutako hizkuntzan garatzeko eskubidea du. Zentzu horretan hezkuntzarako lan eskaintza publikoak ez du biderik eman behar euskara ezagutzen ez duten profesionalak kontratatzeko. Euskara ezagutzen ez duten profesionalek ezin dituzte haur euskaldunak artatu eta gainera haien hizkuntza ezartzen diete haurren hizkuntza-eskubideak urratuz.

Nafarroako Gobernuak egindako lan eskaintza publikorako deialdia desegokia dela uste du Kontseiluak eta are desegokiagoa iragarritako murrizketa euskara eskatzen den eskaintzan gertatzea. Horrekin batera, kezkaz ikusi du Gobernuak berak irizpide teknikoak baliatu zituela hasierako deialdia justifikatzeko, eta bat-batean gaztelaniari lehentasuna ematen dion deialdi bat proposatu duela. Ez du uste irizpide teknikoak aldatu direnik, eta beraz, ulergaitz egiten zaio deialdi berrian murrizketak langile elebidunetan izatea.

Euskaraz dakienak gaztelaniaz ere badakiela gogoratzea ezinbestekoa da beste behin ere. Euskaraz dakienari gaztelaniazko eskaintzan aurkezteko aukera ukatzea baztertzailea eta injustua da. Ez genuen horrelako neurririk espero “aldaketaren” ideiaren inguruan sortutako Gobernu baten eskutik. UPNren politika baztertzailearen adibiderik nabarmenetakoa izan den zerrenda bakarraren politika aldatua izango zela uste genuen. Hartara Kontseiluak Gobernuari dei zuzena egin nahi dio zerrenda bakarraren politika abian jar dezan. Aurreko gobernuak euskara ezagutzeagatik ezartzen zuen zigorrari segida ematea onartezina da.

Horren harira ozen adierazi nahi dugu gure kezka Gobernu berriak hizkuntza-politikaren alorrean egiten ari denarekin. Vascuencearen legea ez aldatzeko hautua, lan eskaintza publiko desegokia, aurrekontu ez nahikoak, zirkuituak sortzeko plangintzak oraindik abiatu ez izana, Nafarroako hegoaldean herritarrek D eredua hautatzeko sustapen lan eraginkorrik egin ez izana… Horiek denak politika zaharrak dira, espero zen aldaketarekin bat ez datozenak.

Zentzu horretan, Kontseiluak Nafarroako Gobernuari eskatu nahi dio apirilaren 25ean Anaitasunako ekitaldian bildu ziren milaka herritarren eskaerei eta euskaraz bizitzeko nahiari erantzun egokia ematea.

Saretu:

, , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna