Sarea

Nafarroan beste lege bat beharrezkoa dela agerian utzi du, beste behin, auzitegiak

Kontseiluak larritzat jo du eskubideen babesle izan beharko lukeen auzitegiak herritarren eskubideen urraketak ahalbidetuko dituen epaia argitaratu izana, eta Gobernuari aurre egiteko ausardia eskatu dio.

“Tamalez ez da Nafarroako Auzitegiak euskaldunon eskubideen aurka hartzen duen lehen erabakia eta, beraz, ez gaitu harritu; halere, oso argi uzten du egungo Euskararen Legeak horrelako ebazpenei atea zabaltzen diela” adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao.

Izan ere, Nafarroako Auzitegiak UGT sindikatuak jarritako helegitearen funtsezko eskakizunekin bat egin du. Ondorioz, legeak ezarritako eremu mistoan eta ez-euskaldunean euskararen ezagutza nahitaezkoa ez duten lanpostuetan ezin izango da euskararen ezagutza derrigorrez baloratu. “Zalantzarik gabe, erabaki honek zailduko du euskaraz bizi nahi duten nafarren eskubidea bermatzea. Gainera, arbuiagarria da euskararen ezagutzari muzin egitea, baina, aldiz, Nafarroan berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutza baloratzen jarraitzea” azaldu du Bilbaok.

Horrela, Kontseiluko eledunak gogorarazi nahi izan du egungo lege-koadroak ahalbidetzen dituela halako erabakiak: “Aurreko legegintzaldian euskararen lege berri baten ezaugarriak aurkeztu genituen Nafarroako Parlamentuan. Azpimarratu genuen indarrean dagoen legeak irakurketa murritzak ahalbidetzen zituela, eta hona hemen horren adibidea. Ez dago gizarte kohesionatua, justua eta berdinzalea eraikitzerik legeak herritarrak diskriminatzen dituen bitartean”.

Horrekin batera, epaiaren arabera, euskara ofizial ez den guneetan kokatutako zerbitzu zentralei dagokienez, euskararen erabilera ezin da derrigortu. “Argi gera dadila epaiak ez duela euskararen erabilera debekatzen. Hartara, Gobernuak borondatea izanez gero, lasai aski para ditzake euskaraz idazkiak, komunikazioak, bide-seinaleak etab. Azpimarratu nahi dugu epaiak berak onartzen duela elebitasuna hautazkoa izan daitekeela. Beraz, Gobernuak ez du oztopo juridikorik zerbitzu zentraletan ere euskararen erabilera bermatzeko”.

Kontseiluko ordezkariak azken eskaera egin dio Gobernuari “Badakigu, bai, auzitegiak ez ditugula aldeko izaten, halere, herritarren eskubideak muturreraino defendatu behar ditu Gobernuak, eta beraz, kasazio-helegitea tarteratzeko eskatu nahi diogu”.

Saretu:

, , , , , , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna