Euskararen aurkako sententzia Galdakaoko Udalean: erantzun zabala datorren ostegunean

2024ko ekainaren 14a

Gaur jakin dugu Galdakaoko Udalak 2022an egindako gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanpostua egonkortzeko deialdian ezarritako euskara eskakizuna baliogabetu duela Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4. epaitegiak. Galdakaoko euskalgintzak, eragileek eta herritarrek erantzun zabala emango diote euskararen normalizazioaren aurkako azken sententzia honi datorren ostegunean, ekainak 20, deitu duten elkarretaratzearekin.

Berriz ere, udalek langile publikoei euskararen ezagutza eskatzeko duten eskumena izan dute auzitegiek jo puntuan. Udalek hizkuntza-politika egiteko duten eskumenaren aurka jo dute, alegia. Horregatik, ozen salatu nahi dugu botere judizialaren esku-hartzea hizkuntza politiketan, bereziki adostasun politiko eta sozial zabalen gainetik egiten denean eta herritarroi hizkuntza-eskubideak, oinarrizko eskubideak, ukatzen dizkigutenean, euskal hiztunak bigarren mailako herritar izatera kondenatuz.

Onartezina zaigu, gainera, epai hauek denak lotzen dituen premisa faltsua: lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela. Auzia oso bestelakoa da: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira. Hizkuntza-eskubideak bizimoduko alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen baitira egiazko eskubide, lanean barne. Galdakaoko Udaleko gehiengo sindikalak sententzia honen aurrean erakutsitako arbuio irmoa dugu horren froga.

Hala ere, sententziaz sententzia argi ikusten ari gara ia edozerk balio duela epaitegietatik euskararen normalizazioa sustatu nahi duten neurriak baliogabetzeko. Kasu honetan, epaileak “gehiegizkotzat” jo du euskara eskakizuna. Batetik, oinarri juridiko erabat eztabaidagarria duen salbuespena aplikatuz eta, bestetik, Galdakaoko euskararen ezagutzan oinarritutako derrigortasun-indizearen interpretazio murriztaile bat eginez. Hala, kristalezko sabaia ezartzen zaio euskararen normalizazio prozesuari, hizkuntza-berdintasuna hautsiz eta orain arte ezagutu dugun euskararen ofizialtasuna kolokan jarriz.

Horregatik, Galdakaoko Udalari euskararen normalizazio prozesuaren aurkako eraso honen aurrean helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eramateko dei egiten diogu. Eta horrekin batera, euskarari dagokion egiazko ofizialtasun estatusa bermatuko dion zoru juridikoa bermatu eta hizkuntza-politiketan jauzi bat egiteko akordio soziopolitiko berri baten beharra aldarrikatzen dugu.

Honenbestez, Hizkuntza Eskubideen Babeserako Protokoloa aktibatu ondoren, Bagabiz Galdakaoko euskara elkarteak eta Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzea deitu dugu datorren ostegunerako, hilak 20, 19:30ean Ardanza parkean.

Eraso honen aurrean, herritar guztien hizkuntza-eskubideen defentsan sinesten duten herriko eragile eta elkarteen babesa eta atxikimendua jasotzeko formularioa sortu dugu (EMAN ATXIKIMENDUA). Datorren ostegunean, pasa den azaroaren 4an Bilboko kaleak bete zituen aldarri berarekin aterako gara: «Euskaraz bizi nahi dugu eta ez dugu eskubide murrizketarik onartuko!»

Galdakaoko Udaleko Langile Batzordeak ere kontzentrazioa deitu du administrazioaren euskalduntzearen aurkako azken salatzeko. Ekainaren 19an, asteazkenarekin, 13:30ean Kurtzeko Plazan elkartuko dira.

GALDAKAO ELKARRETARATZEA
Sakatu kartela jaisteko.