Esku artean ditugun tresnak aldatu gabe zaila izango da auzitegien erasoei aurre egitea

2024ko maiatzaren 16a

Espainiako Auzitegi Gorenak ez du tramitera onartu Uliazpi Fundazioko lan deialdiaren aurkako sententzia euskarafoboari Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako kasazio helegitea.

«Honek adierazten du euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialak aurrera segitzen duela, ez duela etenik. Esku artean ditugun tresnak aldatu gabe zaila izango da auzitegien erasoei aurre egitea. Aurrera egiteko, beste eszenatoki batera joateko, tresna berriak eratzea eta horiek abian jartzea da bidea. Hor dugu, adibidez, Galizian eta Katalunian indarrean dagoen araudiari jarraiki, Iñigo Urrutia legelariak egindako proposamena» adierazi du Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.

Herritar zaurgarrien eskubideetan eragina duen epaia

Gogoratu behar da, iazko otsailean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Uliazpi Fundazioko 34 zaintzaileren lan deialdian eskatzen zen euskararen oinarrizko ezagutzaren eskakizuna baliogabetu zuela, zeinak fundazioaren egungo langileen ezagutza-tasa normalizaziora gerturatu eta erabiltzaileen eskubideak bermatzea zuen xede. Orduan, Kontseiluak kezkagarritzat eta larritzat jo zuen sententzia «milaka herritarren hizkuntza-eskubideak, instituzioen hizkuntza berdintasunerantzako lana, eta, azken buruan, herri borondatearen isla den jardun normalizatzailea hankaz gora jartzen dituelako».

Uliazpiko kasuan, gainera, «jendarteko sektore zaurgarrienetako baten eskubideak dira urratzen direnak, desberdintasun funtzionalen edota buru osasun arazoen ondorioz zaintza premia bereziak dituztenak. Denok dakigu zaintza behar bezala jasotzeko hizkuntza zeinen erabakigarria den» adierazi zuen. Fundazioko langile batzordeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere salatu zuten sententzia.