KABIAko erabiltzaile eta langileen alde mobilizatuko dira, azken sententzia euskarafoboa salatzeko

2024ko urriaren 25a

Aste honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 1. aretoko epaileak bertan behera utzi du Gipuzkoako KABIA erakundeko egoitzako laguntzaileen egonkortze prozesua, bertan jasotako euskara ezagutzeko eskakizunak “gehiegizkoak” direla argudiatuta. KABIA Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari atxikitakoa organismo autonomoa da, adineko eta menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaz arduratzen dena. Egoitza ezberdinak ditu Arrasaten, Andoainen, Azkoitian, Bergaran, Eibarren, Elgoibarren, Errenterian, Hernanin, Irunen, Lasarte-Orian, Oñatin, Ordizian, Pasaian, Tolosan, Villabonan eta Zumaian.

Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu geroz eta bortitzagoa den oldarraldi judizialaren baitako sententzia hau, milaka herritarren hizkuntza-eskubideak, hizkuntza berdintasunera bidean egindako lana, eta, azken buruan, herri borondatearen isla den jardun normalizatzailea kolokan jartzen dituelako.

Bereziki larria da, gainera, egoera zaurgarrian dauden herritarren eskubideak direlako kasu honetan urratuko direnak, KABIAko adineko eta menpekotasun egoeran dauden erabiltzaileenak. Jakina baita norbere hizkuntzan zaindua izatea dela ongizate eta zaintza duin baterako oinarrizko baldintzetako bat.

Erabiltzaileen eskubideez gain, langile askoren bizi jardunak dira epai honek urratu dituenak. Izan ere, asko izan dira zaintza duin bat eskaintzeko beharrezko euskara maila erdiesteko ahalegina egin duten langileak, nahitaezko baldintza modura ulertzen dutelako, eta, orain, ahalegin hori hutsaren hurrengo lekuan utzi du sententziak.

Hala, ezinbestekoa da oldarraldiari aurre egiteko konpromiso eta neurri ausartak hartzea epaitegietatik ezartzen diren oztopoen gainetik. Dagokion zentralitatea eman behar zaio hizkuntza auziari eta euskararen gaia lehen lerrora ekarri, gizartea erdiz erdi zeharkatzen duen lehen mailako auzi politikoa delako.

Baditugu proposamen zehatzak: Euskalgintzaren Kontseiluak LAB eta ELA sindikatuekin batera administrazioa 15 urtean euskalduntzeko proposamen errealista eta egingarria aurkeztu genuen. Gainera, azken hilabeteetan zehar legelari adituek, Kataluniako zein Galiziako ereduak aintzat harturik, egungo hizkuntza-eskakizunen eta derrigortasun-indizearen markoa gainditzeko proposamena aurkeztu dute. Gaztelera ezin da izan enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra. Hizkuntza-berdintasuna bermatu beharra dago.

Era berean, babes osoa helarazi nahi diote Kabia Foru Organismo Autonomoari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, sententzia euskarafobo, erreakzionario eta atzerakoi honen aurrean helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eramateko.

Honenbestez, Kontseiluak, ELAk eta LABek elkarretaratzea deitu dute datorren astelehenerako, urriak 28, 11:00etan Donostiako Gipuzkoa Plazan, euskararen normalizazioaren aurkako eraso hauek eten eta herritar zein langileen hizkuntza-eskubideak defenda daitezen eskatzeko.

Kabia elkarretaratzea urriak 28