Nafarroako Merezimendu Dekretua onartezina da!

2024ko ekainaren 26a

Lau urte pasatxo dira egoera honetan gaudela. 2019ko urrian baliogabetu zituen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzea ahalbidetzen zuen dekretuaren hainbat artikulu. Eta hutsune hori bete behar zuen Merezimenduen Dekretu berri honek.

Ordutik hona ehunka lanpostu publikotarako deialditan atzerriko hizkuntzak baloratu dira, baina ez euskararen ezagutza, Nafarroako berezko hizkuntzarena. Horrek euskaldunon eskubideak alboratzen ditu.
2022an Kontseiluak Behatokiarekin batera zuzenketak egin zizkion Dekretu honi, baita erregistratu ere. Baina ez dira kontuan hartu.

Urte berean, 1.700 herritarren eskaerak aurkeztu genituen Nafarroako Gobernuko erregistroan. Eta maiatzaren 7an, milaka herritarrek Iruñeko kaleak hartu zituzten, Gobernuari eskatzeko herritar guztien eskubideak hobe bermatzeari begira, neurriak hartzeko. Baina Gobernuak entzungor egin dio, bai herritarren aldarriari, bai eta herritarren eskaera zuzenari ere. Ez dago eskubiderik.

Egun, euskararen ezagutza eskatzen duten lanpostu kopurua ez da %3ra iristen. Hau da, lanpostuen %97k ez du euskarazko arreta bermatzeko neurririk, eta, beraz, merezimenduetan neurri egokirik ez hartzeak herritarren eskubideen urraketa sistematikoa are eta larriagoa egitea dakar.

Zein da diskriminazio honen jatorria? 1986ko Euskararen Legea, izan ere, ezartzen duen zonifikazioak herritarren eskubideak bizitokiaren arabera aitortzen eta ukatzen ditu. Hau da, Lesakan, Iruñean edo Tuteran, eremu batetik bestera pasatuz gero herritarrek eskubideak galtzen dituzte.

Gainera, Gobernuak onartzeko asmoa duen Dekretu berriaren ondorioz, legearen araberako eremu euskaldunean oldarraldi judizialaren bidez epaitegiek ezarritakoak baino neurri atzerakoiagoak ezarriko dira. Era berean, eremu mistoan dauden zerbitzu zentraletan euskaraz hartua izateko aukera murriztuko da, zerbitzu horiek nafar guztientzat direnez, milaka herritarren eskubideak ukatuz.

Eremu mistoa delakoan, lehen euskararen ezagutza administrazioko lanpostu publikoen %3 eta %6 artean soilik baloratzen zen, eta orain, gutxieneko balorazio orokortu hori ere baztertu dute. Euskara lanpostu gutxi batzuetan besterik ez da merezimendu izango. Kezkagarria Osasungintzan ere orokortasunez ez baloratzea.

Eremu ez euskaldunean euskara ez da batere baloratuko, ezta merezimendu soil gisa ere. Euskaraz aritu eta bizi nahi duten herritarrek ez dute inolako aitortzarik izango.

Dekretu hau hobegarria izatetik harago, milaka nafarrek egunerokoan bizi duten injustiziaren konponketak sakoneko neurria behar du: euskarari eta euskal hiztunei herritartasun osoaren aitortza egitea. Hau da, euskarak ofizialtasuna eskuratzea Nafarroa osoan.

Dekretu berri honek egungo zein etorkizuneko herritarren berdintasuna mespretxatzen du, eta herritarren eskubideen urraketa betikotzen du.

Onartezina da.