«Onartezina izaten jarraitzen du»

2022ko uztailaren 12a Iruzkinik ez

Nafarroako Gobernuak aurkeztu berri du Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzeko dekretua. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Gobernuaren proposamen berria aztertu dute, bai eta zenbait ondorio atera ere.

Aldaketa nabarmenik ez: onartezina

Kontseiluko idazkari nagusiak hitz batera ekarri du Gobernuak aurkeztutakoa: Onartezina. Izan ere, urtarrilean aurkeztu zuten bertsiotik apenas egin dute aldaketarik: “Moldaketa txikiren bat egin dute, baina ez dute inondik inora herritarren eskubideak ardatz izango dituen dekretua aurkeztu”, adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Gauzak horrela, Bilbaok duela zenbait hilabete egindako irakurketa berretsi du: “Bere burua aurrerakoitzat duen Gobernu batek euskararen edota euskaldunen kontrako politika bortitzak garatzen zituztenean baino neurri atzerakoiagoak hartzea oso larria da. Esaterako, lehen ez bezala, orain lanpostu guztietan ez da kontuan hartuko euskararen ezagutza. Edota, Auzitegiak atzera bota ez zituen artikuluak desagerrarazi ditu Gobernuak. Aurretik esan bezala, gezurra da Dekretua auzitegiak ezarritako baldintza berriak betetzera datorrela. Gobernuak intentzionalitate eta asmo bakarrarekin prestatu du Dekretua: euskaldunak zokoratzea” azaldu du. Horrekin batera Bilbaok gogoratu du egun lanpostuen %97k ez dutela euskararen derrigorrezko ezagutzarik ezarrita: “Baldintza oso makurretatik abiatzen gara, eta Dekretuak ez dio erantzuten gizartearen beharrari”, adierazi du.

Milaka herritarren eskaera

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak gogoratu nahi izan du maiatzaren 7an milaka herritarrek Iruñeko kaleak hartu zituztela, eta Gobernuari eskatu ziotela herritar guztien eskubidea bermatuko zuen dekretua jorratzeko. “Are gehiago, Nafarroako Gobernuko erregistroan 1.700 herritarren eskaera sartu genituen, eta Gobernuak entzungor egin dio, bai herritarren aldarriari, bai eta herritarren eskaera zuzenari ere. Ez dago eskubiderik”, adierazi du Behatokiko zuzendariak.

Gaubekaren arabera, Dekretu honek ez du bermatuko, ezta ahalbidetuko ere herritarrek administrazio publikoko zerbitzuetan euskara erabili ahal izatea. “Hurrengo urteetan ere, milaka herritarrek ezingo dute euskarazko hizkuntza-hauturik egin, eta administrazioak euskara eroso erabiltzeko aukera ukatuko die”, salatu du.

Izan ere, Behatokiko eledunaren arabera, Nafarroan ezin dira zerbitzu publikoak euskaraz jaso eta dekretuak hori legitimatuko du, “berezko hizkuntzan bizi nahi duten pertsonak desberdinkeriaz hartuko dira, eta beraien hizkuntza erabiltzeko edota garatzeko oztopoak betikotuko dira”, esan du.

Osasunbidea jarri du mahai gainean Behatokiko zuzendariak: “Badakigu zein garrantzitsua den herritarrek osasun-arreta berezko hizkuntzan jasotzea. Horren aurrean Dekretuak legeak ezarritako eremu euskaldunean gehienez %10 baloratuko du euskararen ezagutza, eta %6 eremu mistoan. Horrek argi uzten du euskaldunek bigarren mailako herritar izaten jarraituko dutela”, esan du Gaubekak.

Amaitzeko, Kontseiluko eledunak deitoratu du Dekretua garai honetan aurkeztu izana: “Badirudi Gobernuak eztabaidari uko egin nahi diola, eta isilpean onartu nahi duela herritarrengan horrenbesteko eragina izango duen araudia. Jakin dezala, euskalgintzak ez duela dekretua onartzen eta beharrezko ekarpenak egingo dituela herritar euskaldunak kontuan hartuak izateko” adierazi du Bilbaok.