Euskararen lege berrirako oinarrizko adostasunak lantzeko konpromisoa hartu du Kontseiluak

2021ko abenduaren 14a Iruzkinik ez

Euskalgintzaren Kontseiluak ekitaldia antolatu du Iruñeko Plazara! Gunean euskararen legearen hogeita hamabosgarren urteurrenaren karira. Ekitaldian legearen izaera bidegabea berresteaz gain, etorkizunari begira Batuz Aldatu dinamikaren baitan garatuko duen estrategia aurkeztu zuen Kontseiluak, besteak beste, euskararen lege berri baten edukiak zehazteko.

Ahots desberdinak

Anabel Arraizak bideratutako ekitaldian ahots eta ikus-entzunezko desberdinen bidez azaldu zen euskararen legeak izandako bilakaera. Euskararen legea onartu zenean euskalgintzan ziharduen eta egun ere badabilen Sagrario Alemanek erantzun zien galderei, une oro legeak nafarren artean eragin duen bereizkeria azpimarratuz.

Ondoren, Kontseiluak legearen aurka antolatutako hainbat ekimen ikusgai izan ziren, euskararen aldeko aldarria duela hogeita hamabost urte bezain bizirik dagoela gogorarazteko. Gainera, legearekiko aurkakotasun hori modu eraikitzailean egikaritu dela gogorazi zuten, besteak beste, Nafarroako eremu diskriminatuan garatutako proiektuen bidez, bai eta azken urteko Agerraldia ekimenaren bidez. Halaber, duela aste batzuk Cortesen zonifikazioari aurre egiteko abian jarri den Hordago dinamikaren berri eman zuen bertako kide batek.

Batuz Aldatu: bide berria adostasunerako

AEK-ko koordinatzaile Alizia Iribarrenek eta DINDAIA fundazioko ordezkari Esther Lakastak egin zuten Batuz Aldatu. Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala dinamikaren aurkezpena. Gogoratu zuten, ekainean, Euskal Herri osoko eta hainbat eremutako eragileek zehaztu zutela zein izan beharko liratekeen etorkizuneko hizkuntza-politika eragingarriaren norabidetzeak.

Horrekin batera, bi elementutan jarri zuten indarra: batetik, lurralde guztietako eragileen ekarpenak jaso zituztela, bai eta Nafarroako hainbat eskualdetakoak ere, Tuteratik Sakanara. Ondoren, eragileen izaeraren anitza azpimarratu zuten: lanbide-elkargoak, aisialdi taldeak, sindikatuak, mugimendu feminista, gazte mugimendua, kirol-taldeak…

Horrela, Batuz Aldaturen edukia euskararen lege berri baterako oinarria izan daitekeela azaldu zuten. Hain zuzen ere, lege berriak ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskararen erabilera erosorako espazioak bultzatzea izan beharko ditu helburu. Ondorioz, Nafarroan lanketa berezitua egin beharra jarri zuten mahai gainean.

Desadostasuna aitzakia

Ondoren, euskararen normalizazioaren aldeko 30 eragile batzen dituen Kontseiluko eledunak, Paul Bilbaok, hartu zuen hitza. Azken urtean euskararen inguruan izan diren atzerapausoak izan zituen hizpide: «Kezkaz ikusten ari gara zer gertatu zen kontratazio publikoaren legearekin, Madrilen onartutako legez besteko proposamenarekin, eta nola ez, laster atera behar duten dekretuarekin».

Kontseiluko ordezkariaren arabera, alderdiek gehiegitan aipatzen dute euskararekin duten desadostasuna: «Desadostasuna jartzen da une oro mahai gainean horrelako neurriek aurrera egin dezaten, eta esan behar dugu argudio horrek ez gaituela betetzen, ez gaituela ase. Izan ere, desadostasunak ezin die une oro bidegabekeriei aterik zabaldu». «Ulertzen dugu, bai, gai batzuetan desadostasunak egon daitezkeela, noski, baina horren barruan marra bat irudikatu behar dela iruditzen zaigu, kontuan hartuta nolako ondorioak eta kalteak eragin diezazkieketen herritarrei. Esan bezala, balizko DESADOSTASUNAK ezin du guztia justifikatu» salatu zuen Bilbaok.

Horrexegatik, hain zuzen, Kontseiluak adostasunen zelaian jokatzeko konpromisoa agertu zuen. Horrela, Batuz Aldatu dinamikaren baitan, adostasun sozial trinkoak eraikitzeko lanean jarraituko dutela azaldu zuen Bilbaok: «Nafarroara ekarrita, euskararen lege berri batek izan beharreko norabidetze nagusien inguruan hitz egingo dugu eragileekin. Zinez uste dugu posible dela adostasun berria eraikitzea, eta Kontseiluaren aldetik lanari ekingo diogu, orain arte bat egin duten eragile sozial, sindikal eta, nola ez, euskalgintzako eragileekin batera».

Gainera, Kontseiluko eledunaren arabera, eragileekin zabalduko duen bide horrek eta herritarrek Cortesetik zabaldu duten bideak, osagarriak izateaz gain, beste agertoki batean jarriko gaituzte. «Egia da, presa dugu euskararen lege berria izateko, baina oraingoan denbora hartuko dugu, urratsez urrats joango gara, legearen beharra partekatuz eta legearen printzipio nagusiak guztion artean adostuz. Hori bai, hasieratik jarriko dugu mahai gainean azken helburua herritar guztien arteko berdintasuna bermatzea izango dela» gaineratu du.