Albistea

Nafarroan Euskararen Lege berria idazteko elkarlanean oinarritutako dinamika aurkeztu du Kontseiluak

2018ko apirilaren 17a Iruzkin 1

Aurkezpena_2daElkarrekin_20180417Nafarroan Euskararen Lege berria egiteko ekimena aurkeztu du Kontseiluak Iruñean. Euskarari bidea, elkarrekin leloarekin garatuko du dinamika. Parlamentuan zabaldutako aukera baliatuz, proposamena landuko du. Edukia lantzeko, proposamena egingo die herritarrei eta horien ekarpenak jasoko ditu hainbat mintegitan. Lege proposamenaren oinarria Parlamentuan aurkeztuko da.

“Iazko urriaren amaieran, aukera-leiho bat zabaldu zen, Parlamentuan onartu baitzen Euskararen Lege berria egiteko ponentzia bat abiatzea. Ondorioz, abaguneak eskaintzen duen aukera baliatu nahi du Kontseiluak, aurrera egiteko, gure hizkuntzak dagokion lekua berreskura dezan eta hizkuntza-eskubideak berma daitezen”, horrela aurkeztu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok gaur aurkeztu duen ekimena.

Kontseiluari funtsezkoa iruditzen zaio konplizitatez eragitea eta babes sozialez janztea erakundeetan hartuko diren erabakiak. “Beharrezkoa iruditzen zaigu euskaltzaleok parte hartzea Lege berria egiteko prozesuan, edukizko ekarpenak eginez, alderdi politikoei”.

Funtsezkoa da herritarrok ahalduntzea, gure eskubideen eta ahalmenaren kontzientzia hartuz eta konplexuak uxatuz, Lege berriak gure behar eta interesei zuzenean erantzun diezaien. Gainera, herritarron inplikazioak zilegitasunaren bermea emango dio Lege berriari.

Horretarako, udaberrian, lan-bilerak antolatuko ditu Kontseiluak, eskualdekatze linguistikoak ezarritako hiru eremuetako lau herritan (Barañain, Elizondo, Lizarra eta Tutera), Kontseiluko ordezkariekin batera, herritarrek ekarpenak egiteko Euskararen Lege berriari. Maiatzaren 2an egingo da lehen lan-bilera, Tuteran, Lizarran 4an, 8an Barañainen eta 17an, berriz, Elizondon.

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa baliatuko da proposamena egiteko oinarri gisa eta horren gainean landuko dira herritarren eta euskalgintzako eragileen ekarpenak.

Kontseiluko idazkari nagusiak aurkezpenean azaldu duen gisan, bide batek ekarri gaitu gaur egungo egoerara. “Urtetan, euskaldunok pairatu behar izan dugu gure hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa, eta euskaraz bizitzeko proiektuetan buru-belarri aritzeaz gain, euskararen garapenaren aurkako politikei aurre egin beharrean izan gara gehienetan”.

Ildo horretan, azken urteotan egindako ibilbidea argazki bidez erakutsi du; 2010ean Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea lelopean egindako manifestazio handia; 2015ean Anaitasuna kiroldegian egindako ekitaldia. Urte horretan bertan, gobernu aldaketarekin, “leihoa zabaldu zitzaion euskararen normalizazioari Nafarroan eta hizki larriz idatzitako aldaketa aldarrikatu du Kontseiluak, Parlamentuan egindako agerraldiaren bitartez, Parlamentuko presidenteari legea idazteko luma oparituz…

Aukera zabalik dagoen abagune honetan egingo den bidea ere marraztu du Kontseiluak eta honen berri eman du Bilbaok. Euskararen Lege berriaren oinarrien proposamena helaraziko du Kontseiluak Legebiltzarrera, herrietan bildutako ekarpenekin osatu eta adituekin eta eragileekin kontrastatu ondoren.

Horretarako, jardunaldi akademiko irekia egingo da, esparru anitzetako eragileekin, Unibertsitatearen babesean, Euskararen Lege berriaren oinarrien proposamena aztertzeko. Eragileen atxikimenduak ere landuko dira, proposamenaren alde. Azkenik, Euskararen Lege berriaren oinarrien proposamena Parlamentuan eratu berri den Batzordera eramango da.

 



Iruzkin 1 "Nafarroan Euskararen Lege berria idazteko elkarlanean oinarritutako dinamika aurkeztu du Kontseiluak"

  1. […] Euskararen Legea aldatzeko aukera aztertzeko bidea ireki da Legebiltzarrean. Aukera baliatuz, Nafarroan Euskararen Lege berria idazteko elkarlanean oinarritutako dinamika aurkeztu du Kontseiluak. Proposamen hori lantzeko, edukia lantzeko, herritarren “ekarpenak jasoko ditu hainbat […]


Zure iritzia partekatu nahi duzu?

Zure eposta ez da argitaratuko. Derrigorrezko eremuak * bidez markatuta daude