Donostiako Protokoloa oinarri, hizkuntza-politika berrirako gakoak aurkeztuko ditu Kontseiluak
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua osatzen duten bazkideek urteko batzarra egin dute Gasteizen. 2017ko balantzea onartzearekin batera, 2018rako kudeaketa plana onartu dute aho batez. Aurten ere Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloari lotuko zaio ekimen nagusia. Dokumentua Euskal Herriko egoerara egokitu ondoren, honek oinarria jarri du aurten hizkuntza-politika berri baterako proposamena egiteko.
2016an aurkeztutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren (edo Donostiako Protokoloaren) Euskal Herrirako garapena izango da Kontseiluak landuko duen proiektu nagusia. Horrela, hizkuntza-politika berriaren proposamena landuko du Kontseiluak Protokoloan oinarrituta. “Duela hilabete batzuk aurreratu genuen hizkuntza-politika berpentsatzeko garaia iritsi dela, eta aurten horretan laguntzeko proposamena egingo dugu Protokoloa oinarri”, Paul Bilbao idazkari nagusiak esan bezala.
Hainbat sektoreko lan-taldeak (helduen euskalduntze eta alfabetatzea, osasungintza, aholkularitzak…) abian ditu Kontseiluak azken urteotan eta horien guztien ekarpenekin, zein beste hainbatenarekin (hedabideak, kulturgintza, aisialdia, teknologia berriak…) osatu da Protokoloaren Euskal Herrirako garapena. Maiatzean aurkeztuko da dokumentua.
Horrekin batera, 2018an Kontseiluak hizkuntza-politiketan eragiteko lanean jarraituko du. Aurten, bereziki Nafarroan jarrita du begia. Azken urteotan zabaldu den aldaketarako aukerari jarraituz, Euskararen Lege Berrirako proposamena gauzatzea eta euskararen ofizialtasuna lurralde osora zabaltzea izango dira jomuga nagusiak. Horretarako, herritarrekin elkarlanean osatuko du proposamena Kontseiluak. “Herritarren eskubideen bermea baldintzatuko duen araudia gai serioegia da alderdi politikoen eskuetan egoteko. Horrexegatik, Kontseiluak Nafarroa osoko herritarrekin osatuko du Euskararen Lege Berri baterako oinarriak bilduko dituen proposamena. Herritarron ikuspegia, hizkuntza-eskubideen urraketak pairatzen dituztenen ikuspegia mahai gaineratu nahi dugu” azaldu du Kontseiluko eledunak.
Bi proiektu nagusi horietaz gain, aipatzekoa da Kontseiluak asmoa duela arnasguneen inguruko ekarpenak egiteko, eta orain arte bezala, beste eragile batzuekin lankidetzan jorratuko ditu proposamenok. “Kezkatu gintuen EAEn lurraldea antolatzeko gidalerroetan euskara helburuen artetik kendu izana, are gehiago, sailak euskara lurralde antolaketarekin lotzeko zailtasunaren ondorioa dela baieztatu izana. Horrexegatik, lan egingo dugu euskararen gaia lurralde-antolaketaren erdigunera ekartzeko” azaldu du Bilbaok.
Horiekin batera, bestelako proiektuak ere garatuko ditu Kontseiluak, besteak beste, lan mundua euskalduntzeari begira, kontsumitzaile euskaldunak ahalduntzeari begira, helduen euskalduntzearen doakotasunaren alde, Protokoloa nazioarteratzea… “2018a ere galtza bete lan datorkigu, eta pozgarria da Batzar Nagusiak aho batez onartu izana urte honetarako aurreikusi dugun jarduna” azaldu du Kontseiluko ordezkariak.
Iazko azaroan lehen aldiz Kontseiluak urteko irakurketa egin zuen Euskal Herriko hamarnaka eragile politiko, sozial, ekonomiko eta sindikalen aurrean, eta bertan azaldu zuen 2018a urte interesgarria izango dela hizkuntzaren normalizazioari dagokionez: “Euskaraldia alde sozial sendoa eraikitzeko dinamika izango dugu, eta bestetik, hanka politiko sendoa aurkeztuko dugu Protokoloaren garapenari esker. Hortaz, hizkuntzaren normalizazioan jauzia egiteko aukera egongo dela errepikatu nahi dugu” gaineratu du Bilbaok.” Gainera, aurten ere urteko irakurketa egiteko asmoa dugu, beharrezkoa delako hizkuntzaren normalizazioaren inguruan urtez urteko bilakaera beste eragileekin partekatzea, etorkizuna nola irudikatu hobeki asmatzeko.
Iruzkinik ez "Donostiako Protokoloa oinarri, hizkuntza-politika berrirako gakoak aurkeztuko ditu Kontseiluak"