Azaroaren 4an euskalgintzak deitutako MANIFESTAZIOA egingo da Bilbon, 17:00etan Euskaldunatik abiatuta. Manifestazioa euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldiaren testuinguruan kokatzen da. Izan ere, azkenaldian auzitegietatik areagotu egin dira euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten hainbat neurriren aurkako sententziak.
Argi dago ez direla sententzia isolatuak, baizik eta botere judizialetik hizkuntza-politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza-eskubideak murrizteko joera gorakorra: oldarraldi bat. Izan ere, sententzia guztien elementu komun bat dut: gazteleraren nagusitasuna ezartzea herritarron hizkuntza-eskubideen gainetik, eta beraz, oinarrizko eskubideen kaltetan.
Horregatik, azaroaren 4ko manifestazioa euskalgintzak deitu duen arren, hizkuntza-aniztasunean, justizian eta berdintasun sozialean sinesten duten eragile eta norbanako guztiei gonbidapena luzatzen zaie oldarraldiaren aurrean euskararekin bat egitera, euskaraz bat izatera.
Gune honetan azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzeko tokian toki eta sektorez sektore manifestazioaren zabalpena egiteko oinarrizko baliabide eta ideiak jasotzen dira.
Guztion indarra beharko dugu azaroaren 4an oldarraldiari erantzun sendoa emateko. Ekarpen oro ongi etorria izango da. Denon artean egingo dugu!
–
Manifestazioa zabaltzeko ekimenak
Manifestazioaren zabalpena egiteko ekintza eta ekimen posibleen bilduma jaso dugu ondorengo lerroetan. Sakatu gainean xehetasunak ikusteko.
▼ Kartelak
Kalean, espazio publikoan, lantokian, ikastetxean edo beste edozein tokitan jartzeko kartelak nahi badituzue, eskatzen duzuen tokira helaraziko dizkizuegu. Kartelak nahiko handiak dira, B2 tamainakoak, hots, 50x70cm-koak. Nahi beste eskatu ditzakezue, soberan ditugu eta.
Kartelak eskatzeko bete galdetegi hau: labur.eus/a4kartelak
Tamaina txikiagoan nahi badituzue, zuen kabuz inprimatzeko PDF formatuan deskargatu dezakezue HEMEN.
▼ Eskuorriak eta pankartak
Eskuorriak eta pankartak norberak egin beharko ditu. Eskuorriak HEMEN jaitsi ditzakezue PDF formatuan, eta edozein fotokopistegitan inprimatu ahal dira A4 tamainan (folio normala); ondoren, orriak erditik moztu behar dira.
Pankartak egiteko plantilla HEMEN jaitsi daiteke.
▼ Sare sozialak
Sare sozialetarako formatu eta tamaina ezberdinetara egokitu dugu kartela. Jaisteko sakatu irudien gainean.
- Horizontala (4×5): Jaitsi hemen
- Bertikala (Stories): Jaitsi hemen
- Karratua (1×1): Jaitsi hemen
- Horizontala: Jaitsi hemen
▼ Hitzaldiak eta aurkezpen publikoak
Manifestaziorako deialdia egiterakoan, ahal den heinean, herriko, auzoko edo eskualdeko euskalgintzako eragileen arteko lankidetza eta komunikazio zuzena hobesten dugu, indarrak saretzeko eta biderkatzeko. Eragile hauek izan daitezke euskara elkarteak, euskaltegiak, ikastolak, guraso elkarteak, euskal sindikatuak, norbanako euskaltzaleak eta abar.
Kontseiluak ez du gaitasun humanorik herri guztietan hitzaldiak emateko. Horregatik, oldarraldiaren inguruko hitzaldiren bat edo manifestazioaren aurkezpen publiko bat egin nahi izanez gero, euskalgintzako beste eragile edo norbanakoengana jotzea eskertuko dugu. Hemen KARTEL EDITAGARRIA.
▼ Elkarretaratzeak eta ekimen kulturalak
Tokiko eragileen giroa berotzeko elkarretaratze edo ekimen kultural bat antolatu nahi izatekotan, esteka honetan aurkituko dituzue kartelak diseinatzeko baliabideak: KARTEL EDITAGARRIA.
Oharra: Euskalgintzaren Kontseiluak antolaketan zuzenean parte hartzen ez duen ekimen eta ekitaldiek ezin izango dute Kontseiluko logoa edo marka erabili. Eragile bakoitzak berea jarri beharko du.
▼ Autobusak herrietatik
Herri, auzo eta eskualdetik Bilbora joateko autobusak antolatzeko asmoa edo beharra dagoen kasuetan, inguruko euskalgintzarekin harremanetan jartzea eta elkarrekin antolatzea hobesten dugu. Herri bakoitza arduratu beharko da gastuak ordaintzeaz, baina zenbait tokitan udalei autobusa jartzeko eskaerak egin dira euskara teknikari edo zerbitzuen bidez. Autobusak aparkatzeko tokia San Mames estadioaren aurreko gunea izango da.
Jada autobusa antolatuta dagoenean, koordinazio lanak errazteko jakinarazi mesedez formulario hau betez: labur.eus/a4autobusak
Arazorik balego, idatzi ondorengo emailera: komunikazioa@kontseilua.eus
▼ Udaletako adierazpenak
Uztailaren 13an, Konstituzio Auzitegiak EAEko Udal Legearen aurka emandako sententzia salatzeko alkate, udal hautetsi eta euskalgintzako ordezkariekin egin genuen agerraldiaren ostean, hainbat udaletan adierazpen edo mozioak aurkeztu ziren epaia salatu eta azaroaren 4ko manifestazioarekin bat egiteko.
Norabide berean, aukera ikusten den udaletan adierazpen edo mozioak aurkeztu daitezke, tokiko euskalgintzak bultzatuta eta ahalik eta alderdi politiko gehienen babesa lortzea helburu. Alderdi bakarraren babesa lortzeko arriskua dagoenean, adierazpenik ez aurkeztea hobetsiko da.
Jaitsi hemen ADIERAZPEN EREDUA.
▼ Atxikimendu argazkiak eta bideoak
Eragile edo elkartetik, zein norbanako gisa, manifestazioari atxikimendu publikoa eman nahi izanez gero, bi aukera proposatzen ditugu:
- Argazkiak atera, taldean edo banaka, kartela eskuetan.
- Bideoak grabatu, taldean edo banaka, atxikimendua emanez eta manifestaziora joateko arrazoi bat adieraziz.
Zuen sare sozialetan igo dezakezue #A4DenokBilbora edo #EuskararekinBat traolak erabiliz eta “Euskalgintzaren Kontseilua” etiketatuz. Gainera, komunikazioa@kontseilua.eus emailera bidaltzen badiguzue, guk geuk ere igoko ditugu.
Argazki herrikoia egiteko deialdi irekia egiten baduzue, jakinarazi goiko emailean eta guk ere deialdia zabaltzen lagunduko dugu.
▼ Email zabalpenak
Bazkideen edo harpidetuen email zerrendak dituzten elkarte/eragileen kasuan, ohiko buletin edo bidalketetan deialdiaren mezutxo bat txertatu daiteke, edo email oso bat bidali manifestaziora joateko eta zabalpenean laguntzeko gonbitarekin.
▼ Bestelako ekimenak
- Manifestaziorako elkartearen kartel propioa sortzea eta zabaltzea.
- Sareetako edukiak sortzea, imajinazio apur batekin.
- Hedabideetara iritzi artikuluak edo prentsa oharrak bidaltzea (tokiko euskalgintzaren atxikimenduarekin, adibidez).
- Kontseiluaren sare sozialak jarraitu eta mezuak zabaltzea: Twitter · Instagram · Facebook.
Bestelako proposamen, ekarpen edo ideiarik izanez gero, bidali mesedez komunikazioa@kontseilua.eus helbidera. Eskerrik asko, eta animo!
–
Materialak jaitsi
Hemen aurkituko dituzu manifestazioaren deialdiarekin laguntzeko material inprimagarri guztiak: kartel ezberdinak, pankarta eredua, eskuorriak, sare sozialetarako edukiak eta abar. Laguntzeko prest bazaude, jarri gurekin harremanetan!
- sare SOZIALETARAKO KARTELAK:
- KARTEL ELEANITZAK:
Kartelak eskatzeko
Zure herri, auzo edo eskualdean kartelak jartzeko prest bazaude, bete mesedez galdetegi hau eta ahal bezain laster zurekin harremanetan jarriko gara.
Autobusak herrietatik
Herri edo eskualde batetik autobusa antolatu baduzue, jakinarazi mesedez galdetegi hau betez, koordinazio lanak errazteko. Informazio guztiarekin, kartela diseinatu eta helaraziko dizuegu.