Hezkuntza Legearen garapenean zehaztapen handiagoak beharko dira

2022(e)ko martxoak 28 Iruzkinik ez

Eusko Legebiltzarraren Hezkuntza Batzordeak aurkeztu berri du Etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko ponentzia. Euskalgintzaren Kontseiluak aipatu ponentziaren balorazioa egin du.

Irakas-hizkuntzaren atala ongi zehaztu behar da

Hizkuntzaren atalean artikulu berria txertatu dute zeinaren arabera euskara ardatz izango den esparru eleaniztun orokortu baten aldeko apustua egiten den, eta gainera, bi hizkuntza ofizialen eta atzerriko hizkuntza baten ezagutza bermatuko duen eredu inklusibo orokortua defendatzen den. Eredu inklusibo orokortua jaso izana urrats berria da; halere, eredu eleaniztunaz baino, esparru eleaniztunaz aritzen da hitzarmena, eta uste dugu bi horien arteko aldea zein den ezagutu behar dela.

Bestalde, artikulu horrekin talka egiten duen ekarpenik ere txertatu da. Esaterako, onartuko den testuan jasotzen da hiru hizkuntzek ikaskuntzak bideratuko dituztela, eraginkortasuna areagotzeko. Horrela, hiru hizkuntzek ikaskuntzek bideratu behar izatea kezkaz ikusten dugu. Hartara, uste dugu euskara ardatz izateak zein ondorio duen jaso behar dela, eta Kontseiluaren iritziz euskara irakas-hizkuntza izatea litzateke. Argitu eta zehaztu beharrekoa da zein den etorkizuneko eredu inklusiboaren oinarria.

Izan ere, kontuan izan behar dugu egungo arrakasta-ereduari erreparatu behar zaiola ezinbestean etorkizuneko eredua zehazteko. Datuek aski ongi erakutsi dute euskara irakas-hizkuntza duen eredua dela ikasleek hizkuntza-gaitasun egokiak eskuratzeko arrakastatsuena. Horrexegatik, hain zuzen ere, uste dugu horretara jo behar duela legeak.

Bestalde, Kontseiluak Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen proposamenean ikastetxeetako hizkuntza-proiektuan jarri zuen azpimarra, eta hitzarmenean ere hor jartzen da indarra. Halere, kontziente izan behar dugu hizkuntza-proiektua edozein delarik, oinarrian euskara irakas-hizkuntza izan beharko duela, baldin eta hitzarmenak aurreikusitako gaitasunak lortuko badira. Kezkagarria litzateke garai bateko marko hirueledunari atzeko atea irekitzea, egun belaunaldi berriak euskalduntzeko erronka pil-pilean dagoenean. Horrek kezka sortzen du Kontseiluan.

Izan ere, hitzarmenean behin baino gehiagotan jasotzen da hiru hizkuntzen tratamendu integratua emango dela, haien funtzioa eta egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta; edota bi hizkuntza·ofizialen eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten bidez artikulatuko dela hezkuntza. Esan bezala, horrek are ageriago uzten du euskara ardatz duen sistema horretan, ardatz izatearen ezaugarriak zehaztu beharra.

Irteera profilak, norabide onean

Kontseiluaren aldarrikapen historikoa izan da derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan ikasleek erdietsi beharreko hizkuntza-gaitasunak zehaztea. Halaxe egin zuen, esaterako, hezkuntzako eragile nagusienekin jorratutako Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen proposamenean. Adostutako hitzarmen berriak berariaz jasotzen du DBH amaitutakon ikasleek B2 maila izango dela gutxieneko helmuga bi hizkuntza ofizialetan, eta B1 hirugarren hizkuntza batean.

Esan behar dugu puntu oso garrantzitsua dela, bai eta Kontseiluaren aldarri historikoa ere. Irteera profilak txertatzea norabide onean doan neurria dela uste dugu. Halere, ez dugu ulertzen hori adostuta, hitzarmenaren beste atal batean erabiltzaile aurreratuaren gaitasuna kendu eta euskararen ezagutza praktikoa helburu izatea jasotzen zuen beste ekarpen bat onartu izana. Kontraesankorra iruditzen zaigu.

Lanean jarraitu beharra murgiltze-eredua jaso dadin

Horregatik guztiagatik, Kontseiluaren arabera, legeak ongi jaso beharko du zein den hitzarmenean adostutako gaitasunetara iristeko bidea. Helburua definitu da, baina helburu lortzeko bidea edo modua oraindik ez da beharko lukeen zehaztasunarekin jaso. Hau da, hizkuntza-gaitasun horiek benetan lortuko direla bermatzeko hizkuntza-proiektuen hizkuntza-oinarria zehaztu behar da.

Horrexegatik, gaitasun horietara iristeko, Legeak euskara irakas-hizkuntza izango duen murgiltze-eredu orokortua jaso beharko du. Horretarako, Kontseiluak konpromisoa hartuko du euskalgintzaren, hezkuntza komunitatearen, eragile sindikalen eta herritarren babesa izango duen proposamen zehatza egiteko, legean halaxe jaso dadin.

Azkenik, legearen prestakuntza-prozesuan ere gizarte eragileon ahotsa kontuan har dadin eskatzen du Kontseiluak.