Katalanak, galiziarrak, asturiarrak eta aragoiarrak ere izango dira larunbateko manifestazioan

2023ko azaroaren 03a

Gaur Bilbon egindako prentsaurrekoan, katalanaren, galizieraren, asturieraren eta aragoieraren aldeko gizarte eragile nagusietako ordezkariek larunbatean Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioari atxikimendua eman eta bertan izango direla iragarri dute, beraien hizkuntzen eremuan ere normalizazioaren aurka jasaten ari diren erasoen berri emateaz gain.

Agerraldian izan dira galizieraren aldeko A Mesa pola Normalización Lingüísticako lehendakari Marcos Maceira, Òmnium Culturaleko nazioarteko ordezkari Elena Jimenez, Acció Cultural del País Valenciàko lehendakari Anna Oliver, Obra Cultural Balearreko lehendakari Joan Miralles, Escola Valencianako kide Andreu Carapuig, eta asturiarraren aldeko Xunta pola Defensa de la Llingua Asturianako bozeramaile Natalia Suárez eta Iniciativa pol Asturianuko lehendakari Iván Llera. Katalanaren aldeko Plataforma per la Llenguak eta aragoiarraren aldeko Nogará-Religada elkarteek ere atxikimendua eman dute eta manifestazioan izango dira.

Eragile guztien artean adostu dute adierazpen bateratua. Marcos Maceira galiziarra arduratu da gaztelerazko bertsioa irakurtzeaz, eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia euskarazkoaz. A Mesako lehendakariak azaldu duenez, Euskal Herriko galiziarren hainbat elkarteren atxikimendua ere lortu dute: Pasaiako Fato Cultural Castelao, Laudioko Fato Cultural Castelao, Barakaldoko Asociación Cultural Rosalia de Castro, eta Peña Deportivista Anduriña. Jarraian, ordezkari bakoitzak bere hizkuntzan azaldu du zein den bizi duten egoera, eta normalizazio prozesuan jasaten ari diren oztopo eta erasoen berri eman dute.

ADIERAZPEN BATERATUA

«Oldarraldiaren aurrean»

Norberaren hizkuntzan bizitzea Espainiako Estatuan milioika herritarri eragozten zaigun giza eskubidea da. Era guztietako oztopoak jartzen zaizkigu gure hizkuntzetan bizimoduko eginkizun guztiak aurrera eramateko eta zerbitzu guztiak iristeko: osasun arloan, merkataritzan, administrazioan edota arlo judizialean.

Espainieraz besteko hizkuntzen indartze eta presentzian egiten den aurrerapauso bakoitzak galbahe zorrotzak pasa behar ditu. Baina horrekin kontrastean, hizkuntza horien babeserako legedi eskasa erabateko geldotasunez aplikatzen da, esaterako, Hizkuntz Eskubideen Adierazpen Unibertsala edota Europako Hizkuntzen Ituna.

Orain, beste oldarraldi baten aurrean gaude; botere judizialak gidatutako oldarraldiaren aurrean. Harro jokatzen ari da botere judiziala, gure hizkuntzak ezagutzeko eta erabiltzeko gaitasunik ez izan arren, bere gain hartu baitu gure hizkuntzak non, noiz eta nola existitu behar diren erabakitzeko ahalmena. Horretarako, eskari eta babes sozial handiz lortutako onura demokratikoak murrizten ari da.

Oldarraldi honen aurrean gure hizkuntzak bizirik iraunarazten dituen borondate demokratiko eta kolektiboa baino ez dugu. Ezin dugu onartu auzitegietan irabazterik gure herrietan garaitu ezin dutena. Aurrerago joan behar dugu, urrats politiko sendo eta ziurrez, diskriminazio guztiak, muga guztiak, hertsapen eta esku-hartze denak, ezabatu eta gure hizkuntzetan askatasunez, berdintasunez eta justiziaz bizi gaitezkeela bermatu arte.