Ahaldundu eta eremu sozioekonomikoan aldaketak eragiteko sortu da Euskalgintzaren konpromisoa ekimena

2016ko urtarrilak 27 Iruzkinik ez

EuskalgintzarenKonpromisoa16-1-27

Abian jarri duen ekimen berria aurkeztu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren zuzendaritzak, Bilbon egin duen agerraldian. Euskalgintzaren konpromisoa izena duen ekimenak eremu sozioekonomikoan eragitea du helburu. Egitasmo horren bidez, Kontseiluko bazkideen komunikazio-hornitzaileei zerbitzua euskaraz eskain dezaten urratsak ematea proposatu nahi zaie.

Kontseiluaren baitan biltzen den aholkularitza-sektoreak (Ahize-Aek, Artez, Elhuyar, Emun, Iberba eta Ziurtagiriaren Elkartea) 2013an antolatutako Lan-mundua euskalduntzeko Konferentzian du jatorria ekimenak. Bertan, lan mundua euskalduntzeko, euskaraz saldu, erosi eta lan egiteko, eragile estrategikoak eta gida-lerroak definitu ziren.

Irailaren amaieran aurkeztu zen Donostian eremu sozioekonomikoan eragiteko asmoz sortutako beste ekimen bat, Euskaragileak, euskaraz saldu eta lan egin nahi duten enpresen batzordea, hain zuzen ere. Gaurkoa, enpresek abiatutako ekimenarekin eta ondoren beste zutabeetan egingo direnekin elkarlotuta dago.

Konferentzian aipatutako beste eragile estrategikoetako bat bezeroak ziren. Izan ere, Adierazpenean jaso zen bezala:

‘… argi dago enpresa guztiek erdigunean dituztela beren bezeroak. Hortaz, garrantzia berezia ematen diote haien eskaerak eta nahiak asetzeari. Horrek, besteak beste, bezeroen esku jartzen du enpresaren jardunean eragiteko ahalmena. Horregatik, garrantzitsua da oso, bezeroek euskaraz erosteko nahia agertzea eta enpresak hori berma dezan eragite.’

“Kasu honetan beraz, euskalgintzak bezero gisa eremu sozioekonomikoan duen eragina edo pisua aintzat hartuta, ahaldundu eta Euskalgintzaren konpromisoa deitutako ekimena abiatuko du. Honen bidez, gaur egun zerbitzuak euskaraz eskaintzen ez diguten enpresetan aldaketak eragin nahi dira, enpresok hizkuntza-eskubideak bermatzeko urratsak eman ditzaten. Izan ere, bezero bezala, kalitatezko zerbitzua euskaraz eskaintzen zaigun hori dela nabarmendu nahi dugu”, esan du Kontseiluko lehendakariak, Iban Arregik.

Honela, bada, Kontseilua osatzen duten bazkideen artean azterketa egin zen, amankomunean genituen hornitzaileak zeintzuk ziren ikusi eta lanketa komunikazio-operadoreekin abiatzea erabaki genuen. “Guztiok batera ekitea erabaki dugu, izan ere, guztiok batera lan eginez aldaketak eragiteko nahikoa indar izan dezakegula uste dugu”, gaineratu du Arregik.

1996ko Bartzelonako Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 47. artikuluaren arabera Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du lurralde barruko jarduera sozioekonomiko guztietan bere hizkuntzaren erabilera xedatzeko”. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzko 123/2008 Dekretuak zehazten ditu enpresek eta erakundeek dituzten hizkuntza betebeharrak, erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Dekretuak bere eraginpeko izendatzen ditu, espresuki, komunikazioaren arloko enpresak eta operadoreak. Azkenik, Nafarroako Euskararen Foru Legeak (18/1986 Legea) euskara izendatzen du Nafarroako berezko hizkuntza gisa eta, horren ondorioz, zehazten du herritar guztiek dutela euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea. Gainera, hizkuntza dela eta herritarrak ez diskriminatzeko beharkizuna ezartzen du.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaokak azaldu duenez, “legeek jasotzen dituzten hizkuntza-eskubideen eta betebeharren ezarpenari dagokionez, komunikazio-operadoreek gure bazkideei emandako zerbitzuetan hizkuntza-harremanak desorekatuak eta desberdinak dira, hornitzaileen arabera. Egin dugun azterketaren arabera, komunikazio-operadoreek Kontseiluko bazkideei eskaintzen dizkieten zerbitzuen kasuan ez dira betetzen, osotasunean, legeek ezartzen dituzten hizkuntza-eskubideak eta betebeharrak, eta ondorioz, hizkuntza-eskubideak urratzen dira, zenbaitetan sistematikoki”.

Egungo lege eta arauek euskaraz kontsumitzeko gure eskubidea eta hautua ez digutela bermatzen egiaztatuta, ohi bezala, berme hori exijitzeaz gain, iniziatibaz jokatzera goaz. Gure kaxa eragiteko eginahalak egiteko edo ezina ekinaz egiteko hautua egin dugu.

Arregik esan duenez, “gure hornitzaileek jakin behar dute Kontseilua osatzen duten erakundeek 1.000.000 eurotik gorako fakturazio-bolumena dutela komunikazio-zerbitzuetan. Hortaz, agerikoa da zerbitzuak euskaraz eskaintzea erronka adina aukera dela, bezero berriak aurkitzeko zein negozio-aukerak handitzeko. Zerbitzuak euskaraz eskaintzeak, bai guretzat baina baita eurentzat ere, balio erantsia du. Horregatik, Kontseilua osatzen duten bazkideen komunikazio-zerbitzuen hornitzaileei eskaintzen dituzten zerbitzu guztiak euskaraz emateko urratsak egitea proposatuko zaie”.

Paul Bilbaok hurrengo urratsen berri ere eman du. “Horretarako, ondorengo egunotan eurekin harremanetan jarriko gara aurrez aurreko bilerak egin eta zerbitzua euskaraz emateko urratsak eta epeak hitzartzeko. Gure aldetik malgu baina zorrotz. Epeekin malguak izateko prest bagaude ere, epe eta urrats zehatzak hitzartu asmo baititugu.”

“Euskalgintzak gizartean egiten duen ekarpen soziala, bai eta baita ekonomikoa ere, kontuan hartzekoa dela uste dugu eta espero dugu hornitzaile hauekin egingo ditugun harremanek erantzun positiboa izatea. Horrela, arloz arlo, esparruz esparru, euskalduntzea bultzatzen lortuko dugu euskaraz bizi ahal izatea”, amaitu du Bilbaok.