Euskal Autonomia Erkidegoa

Lurralde Antolaketarako Gidalerroetan hizkuntza normalizaziorako proposamenak aurkeztu dituzte UEMAk eta Kontseiluak

2016ko irailaren 14a Iruzkin 1

Lakua20160914

EAEko lurralde antolaketarako gidalerroak berritzerakoan kontuan hartzeko proposamenak dira, euskararen normalizazioa aintzat hartuz; besteak beste, euskararen arnasguneak babesteko eta garatzeko. EHUko bi aditu aholkulariren ekarpenekin osatu dituzte proposamenak UEMAk eta Kontseiluak. Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak antolatu dituzte bi eragileek elkarlanean azken hiru urteotan eta bertan jasotako emaitzak txertatu dituzte orain egindako proposamenean. Ildo horretan egin zen Eragin Linguistikoa Ebaluatzeko (ELE) tresna eta oraingoa norabide berean urrats berria da.

Ikusi proposamena hemen: LAG_proposamena2016

Eusko Jaurlaritzak datorren legegintzaldian onartu nahi ditu EAEko lurralde antolaketarako gidalerro berriak. Ana Oregi Ingurumen sailburuak jakinarazi zuen 2015eko azaroan hasitako prozesua 2018ra arte luzatuko dela, tarte horretan eragile askoren proposamenak entzun ahal izateko. Erronda horren baitan, gaur UEMArekin eta Kontseiluarekin bilera izan du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, eta bertan hainbat proposamen egin dituzte bi erakundeek, lurralde antolaketak euskaran duen eragina kontuan hartuta.

Euskararen arnasguneak indartu, garatu eta aintzat hartzeko proposamen hauek, EHUko bi aditu aholkulariren ekarpenak biltzen dituzte: Unai Fernandez de Betoñorenak (EHUko Arkitektura Saila eta UEUko kidea) eta Iñigo Urrutiarenak (EHUko Administrazio Zuzenbidea, Konstituzio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia Saila) zehazki. Gaurko bileran Unai Fernandez de Betoño, UEMAko lehendakari Josu Labaka eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao egon dira.

UEMAren, Kontseiluaren eta bi aditu aholkularien proposamena bateragarria eta osagarria da lurralde antolaketarako gidalerroak berritzeko Oinarrizko Dokumentuarekin. Zortzi puntuz osatutako lana da eta besteak beste, honako gaiak jasotzen ditu:

Euskararen arnasguneen kontzeptua gehiago garatzea. Bestetik, garapen orekatua bultzatzea, prebentzio neurrien (ELE, adibidez) edo neurri zuzentzaileen bidez, hizkuntza-dinamikak kaltetzeko arriskua duten egitasmoei mugak jartzeko aukera emanez. Egoitza-kuantifikazioa egiten denean, euskararen lurgune bereziak babesteko eta zabaltzeko ezinbestekoa da, beraz, horiek kontuan hartuko dituen araubide zehatza osatzea. Eta, euskaldunen dentsitatea babesteko eta berezitasun geografikoetan hobeto sakontzeko, Euskararen Lurralde Plan Sektoriala ere garatu beharko litzateke berandu baino lehen, euskararen eta lurraldearen inguruko politikak erkidego osoaren eskalan zehatzago hausnartuz eta bideratuz.



Iruzkin 1 "Lurralde Antolaketarako Gidalerroetan hizkuntza normalizaziorako proposamenak aurkeztu dituzte UEMAk eta Kontseiluak"

  1. […] aurkeztu dizkiote UEMAk eta Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari (europapress.es, 2016-09-14). · Lurralde Antolaketarako Gidalerroetan hizkuntza normalizaziorako proposamenak aurkeztu dituzte UEMAk… (kontseilua.eus, 2016-09-14). · Lurralde antolaketarako gidalerroetan hizkuntza normaltzeko […]


Zure iritzia partekatu nahi duzu?

Zure eposta ez da argitaratuko. Derrigorrezko eremuak * bidez markatuta daude