Osakidetzaren II. euskara planak urrats eraginkorragoak egin ditzan eskatu du Kontseiluak

2015ko abenduaren 18a Iruzkinik ez

mediku-euskalduna-nahi-dutOsakidetzak bere II. euskara planeko jarraipena egiteko interes taldeekin egindako bilera teknikoan parte hartu genuen atzo, Bilbon. Kontseiluaren baitan biltzen den osasungintza lan-taldeak (Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, eta Euskal Herrian Euskaraz), hainbat gogoeta plazaratu nahi ditu. Eskaera argia luzatu zuen bileran bertan: Legealdiko azken urtea baliatu behar du Jaurlaritzak, orain artekoak baino urrats eragingarriagoak egin eta Osakidetzaren II. euskara planak garapen nabarmen bat izan dezan.

 2016ko abenduan, urtebete barru, Osakidetzaren II. euskara plana epealdi erdira iritsiko da, eta tarteko ebaluazioak erakutsi beharko du Osakidetzaren hizkuntza kudeaketan aldaketa esanguratsu bat, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta planaren helburuak betetzeko bidean.

Kezka adierazi behar dugu, bi urteko bide honetan Osakidetzaren II. euskara planak gazitik gehiago izan duelako gozotik baino. Arlo teknikoan planak jasotzen dituen neurriak ezartzeko borondatea nabari den arren, Osakidetza ez da erakusten ari planak jasotzen dituen helburuak betetzeko adinako bultzada politikorik. Areago, bi urte hauetan atzerapausoak edo akats errepikatuak nabarmendu dira.

Alde batetik, mediku eta pediatren ordezkapenak langile erdaldunekin betetzen jarraitu du Osakidetzak. Adibidez, Tolosan, Zumaian, Lezan, Muxikan, Azpeitian… Deban ere, eta bere hizkuntza eskubideak bermatzeko herritarraren eskariari erantzun zaio pazientzia izateko eskatuz, ‘ez baita beti erraza herritarren hizkuntza-eskubideak, langileen eskubideak eta asistentzia sanitarioa bateratzea’. Gainera, euskaldunak jarri diren zenbait tokitan, medikuak ez du euskaraz jarduteko jarrera proaktiborik erakutsi.

Bestetik, Osakidetzaren azkeneko EPEan gaitegiaren bibliografia gaztelania hutsez izan dute hautagaiek, berriz ere.

Eta Osakidetzako langileentzako trebakuntza jarraitua gaztelaniaz izaten jarraitzen du, nagusiki. Adibidez: Donostialdea erakundeak 2015eko urriaren 13tik 16ra langileentzako “Formakuntza Astea” antolatu du, eta ikastaro eta mintegietatik %13 inguru soilik eskaini dira euskaraz.

Era berean, Osakidetzak prebentzio linguistikoaren eta segurtasun klinikoaren ikuspegiak barneratu beharra dituela nabarmendu dugu, eragingarriagoa, merkeagoa eta bidezkoagoa delako, eta osasun prebentzioaren oinarriak partekatzen dituztelako.

Lehenik, aukera ezin hobea du horretarako Uribe Kosta eskualdeari zerbitzua emango dion Urdulizgo ospitale berrian, edota Elorrioko osasun zentroan, bertako pediatra euskalduna jubilatzear baita.

Ildo berean, Osakidetza euskalduntzeko lana unibertsitatearekin batera egin beharra duela gogorazi diogu, berriz ere. Medikuntza ikasketak euskaraz eskaini behar ditu unibertsitateak, mediku berri euskaldunak izateko, gaurdanik.

Azkenik, langile berri guztiak euskaldunak hartzea dagokiola azpimarratu diogu Osakidetzari, herritar guztion hizkuntza eskubideak bermatzeko aukera bakarra hori baita.