Euskararen normalizazioak denon energia behar duela nabarmendu dute Megasariaren banaketa ekitaldian

2016ko urtarrilak 04 Iruzkinik ez

megasaria-banaketa-ekitaldia1

Euskal Tonbolaren Megasariaren banaketa ekitaldia egin du Kontseiluak, Martin Ugalde Kultur Parkean. Jonathan Valdivielso abaltzisketarrak jaso du lehen aldiz eman den saria. Bere ekarpenaren eta berea bezala milaka euskal herritarren ekarpenari esker egiten du lan euskalgintzak euskararen normalizazioan urratsak ematen. Eskertza ekitaldia ere izan da gaurkoa.

“Energia mugimenduan. Horixe da Euskal Tonbolaren lema eta proiektuari izana ematen diona. “Energia” aldakuntzak eragiteko ahalmenari esleitzen zaion kontzeptu zientifikoa da. Aldakuntzarako ahalmena ematen dio, bada, herritarrak euskararen mugimenduari. Mugimenduari energia emanez, energia mugimenduan jartzen dugu, zuk, nik, guztiok, euskal tonbolako txartela eskuratzean. Horrela eman zaio hasiera Megasariaren banaketa ekitaldiari.

Lehen aldia da Euskal Tonbolak Megasaria banatzen duena. 2015eko edizioaren berrikuntzetako bat izan da. Euskaraz bizi nahi dut esaldia osatu behar zuten txartelen erosleek eta ondoren zozketan parte hartzeko esaldi osatua bidali. Abenduaren 30ean egin zen zozketa notario aurrean. Eta Abaltzisketako Jonathan Valdivielsok bidalitako gutunetako bat izan da sariduna. Sandero autoa, hilero 400 euroko erosketa saski bat, Scotter motorra, Kariberako bidaia, kruzeroa eta abar luze bat jaso ditu.

Valdivielsok esan du gustuko duela Euskal Tonbolaren proiektuan parte hartzea, are gehiago, nabarmendu du guztion indarra, energia beharrezkoa dela urratsak eman ahal izateko. 2016ko Euskal Tonbolaren edizioaren zain dagoela ere esan du.

Ekitaldian, Kontseiluko zein Behatokiko ordezkariek, herritarrek Euskal Tonbolan egiten duten inbertsioari esker euskalgintzak egin dezakeen lanaren ale batzuk azaldu dituzte, izan ere, ezinezkoa litzateke herritarren laguntza hori gabe egiten diren lan horiek burutzea. Adibide batzuk jarri dituzte ekitaldian bertan.

Iñaki Lasak, Kontseiluko ildo politiko instituzionaleko arduradunak apirilean Anaitasunan egindako ekitaldia aipatu du. Maite Indak, ildo sozialeko arduradunak ere, euskaraz bizi nahi dut dinamikaren pean egindako ekimenak aipatu ditu. Behatokiko zuzendariak, Garbiñe Petriatik ere ekarpen honen garrantzia aipatu du.

Herritarren artean, txartelak erosten dituzten horiek guztiak garrantzitsuak dira, baina lan hau ezinezkoa litzateke kanalizatzaile lana egiten duten merkatarien lanarik gabe. Hauen establezimenduetan jartzen dira salgai Euskal Tonbolaren txartelak. Euskal Tonbolarekin elkarlanean dabiltzan salatzaile hauei guztie ere eskertza egin nahi izan diete ekitaldian. Tabernarien izenean, Iruñeko Kalixto tabernako ordezkariak euskararen normalizazioan ekarpena egitearen garrantziaz hitz egin du eta bakoitzak ahal duen neurrian ekarpen hori egin behar duela aldarrikatu du.

Euskal Tonbolako kide Mikel Aznarrek azaldu du jada 10 urte direla Euskal Tonbola antolatzen dela. “Urte hauetan guztietan ilusio handiz aritu gara. Eraikitzailea izan nahi duen bide oro ilusioz egin behar dela uste dugulako. Milaka eta milaka lagunek osatzen dugu Euskal Tonbolaren familia handi hau. Txartela bakoitzaren atzean pertsona bat dagoelako, ilusio bat, emozio bat, helburu bat, atxikimendu bat. Horri esker egiten dugu aurrera”, esan du.

 

Ilusioa, erantzunkizuna, anbizioa… aipatu ditu Euskal Tonbolako kideak eta egitasmo honetan parte hartzen duten pertsona guztien garrantzia. Izan ere, guztion energiaren beharra aipatu du.

 

Kontseiluko bazkideen hainbat ordezkarik ere parte hartu dute ekitaldian, tabernariek egiten duten lanari aitortza egin diote.