Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu lelopean manifestazioa egingo du Kontseiluak

2016ko apirilaren 15a Iruzkinik ez

ManifaAurkezpena2-20150415Joan den ostiralean egindako batzar nagusian aurreratu bezala, Kontseiluak, Nafarroan aldaketa euskaratik eman dadin bultzatzea izango du eginkizun nagusienetako bat 2016an. Ildo horretan aurten egingo duen lehen ekimena aurkeztu du gaur Iruñean, Paul Bilbao idazkari nagusiak hainbat bazkideren ordezkarik lagunduta. Manifestazioa egingo du Iruñean, ekainaren 4an Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu lelopean. Mobilizazioarekin, euskarari bide eman behar zaiola neurri ausartak hartuz aldarrikatuko da. Baita, euskarari bide eman behar zaiola, justiziazkoa delako, oreka soziala bermatzeko beharrezkoa delako, ere. Eta noski, euskaraz bizi nahi dugun herritarrok euskarari bide ematen diogula ere adieraziko da manifestazioan.

Ekainaren 4an egingo den ekimena ez da zerbait isolatua izango. Planteamendu oso bat izango du datozen urteotan behar den aldaketa eman dadin bultzatuko duena. Kontseiluko bazkideek egin duten irakurketaren berri eman du lehenik Paul Bilbaok, idazkari nagusiak. “2009ko urtearen amaieran agintean zegoen Gobernuak zartako berri bat eman zion euskararen normalizazio-prozesuari. Haserrea erakusteko eta Nafarroan euskaraz bizi nahi duen gizartea izan badelako indar erakustaldi ikaragarria egin genuen 2010eko maiatzaren 15ean. Milaka herritarrok “euskaraz bizi nahi dut” kartelari harrotasunez eta irmotasunez eutsiz”.

Ordutik, euskaltzaleen nahi baino gehiagotan atera behar izan dutela kalera gaineratu du Bilbaok, “eta kalera ateratzen ez ezik, lanean ere jarraitu dugu, euskaraz bizi ahal izateko hiztunak, espazioak eta tresnak sortzen”.

2015ean eta Nafarroak aldaketarako bizi zuen giro hartan, “geuk ere oso argi genuen aldaketa behar zela, baina hizki larriz idatzitako aldaketa izatekotan, euskaratik eman behar zela aldarrikatu genuen”, gogoratu du idazkari nagusiak.

Horrela, aldaketaren bueltan zeuden alderdiei “Nafarroan hizkuntza-politika garatzeko hamahiru proposamen” dokumentua helarazi zien Kontseiluak, hain zuzen ere, hizkuntza-politikak egiturazko aldaketaren norabidea zehazteko.

“Are gehiago, 2015eko apirilaren 25ean Anaitasuna bete egin genuen, proposamen horren atzean euskaraz bizi nahi duen herri gogo indartsua dagoela irudikatzeko. Eta, nola ez, nafarren arteko bereizkeria bidegabera eragiten duen Euskararen Legearen 29. urteurrenean, Nafarroako Parlamentuan, berretsi egin genuen, euskalgintza eta instituzioak elkarrekin jarduteko garaia iritsi zela, lege horrek urteurren gehiago bete ez ditzan”.

Orain, Kontseiluak indar-erakustaldi berri bat egiteko beharra ikusi du. Izan ere, gaur egun, kalera ateratzeko hamaika arrazoi dagoela esan du Bilbaok:

Manifestazioaren leloari jarraituz, berau antolatzeko arrazoiak azaldu ditu. “Euskarari bide eman behar zaio, neurri ausartak hartuz. Hizkuntza-politika eragingarri batek emango dio bide euskarari. Askotan esan izan dugu: corpus juridiko egokia, plangintza eragingarriak eta baliabide egokiak eta egoki kudeatuak. Jauzia egiteko garaia dela uste dugu. Kezkaz hartu genuen Euskararen lege murriztailea aldaketaren Gobernuaren desadostasunetan sartu izana. Eta, uste dugu, honez gero, bestelako neurriak hartuak egon zitezkeela, besteak beste, euskararen desagertzea eragiten zuen 29/2003 Dekretua, etab. Nafarroako administrazioa euskalduntzeko plangintza abian jartzea ere ezinbestekotzat jotzen dugu. Eta baliabideetan, abenduan aurrekontuen azterketan adierazi bezala, jauzia eman behar delakoan gaude. Ekainaren 4an neurri eragingarriagoak hartzeko, eta ondorioz, euskarari bide emateko eskatuko dugu”, azaldu du Kontseiluko eledunak.

“Euskarari bide eman behar zaio, justiziazkoa delako, oreka soziala bermatzeko beharrezkoa delako. Harritu gaitu azken hilabeteotan hizkuntza-eskubideen bermeari begira hartu diren erabaki batzuek zer-nolako erantzuna jaso dute. Eta hori ere azpimarratu behar dela uste dugu, neurri eta keinu batzuk egon dira. Halere, harritu ez ezik, haserretu ere egin gaitu, batzuk nola aztoratu diren, are gehiago kontzeptu batzuk oso modu interesatuan erabili direlako. Benetako eztabaida saihestu nahi izan dute: berdintasuna erdiesteko, herritar guztien eskubideak behar bezala bermatzeko, gizartean bizikidetza egongo dela segurtatzeko… Horretarako guztirako neurriak hartu behar dira. Hori guztia ere agerian utzi nahi dugu ekainaren 4an”.

Amaitzeko, euskaltzaleei ere erreferentzia egin die Bilbaok. “Euskarari bide ematen diogula ere erakutsi nahi dugu manifestazio horretan. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuz, helduak euskaldunduz, euskal kultura sustatuz, hedabideak gure eskura jarriz, lan mundua euskaldunduz… Eta, noski, milaka herritarrek euskaraz bizitzeko hautua eginez euskarari bide ematen diogu, eta hori ere karriketara atera behar dugu, are ikusgarriago egin behar dugu euskaraz bizitzeko nahi hori. Izan bagarelako eta badagokigulako. Hartara, ekainaren 4an euskalgintzari eta euskaltzaleei esker euskarari bide ematen diogula ikusaraziko dugu”.

“Euskarari bide emateko hamaika arrazoi dagoela uste dugu, halere, horietan guztietan garrantzitsuena euskaraz bizi nahi izatea dago. Eta horixe haizaratuko dugu ekainaren 4an, alegia, euskarari bide eman euskaraz bizi nahi dugulako” esanez eman dio amaiera agerraldiari idazkari nagusiak.