Nafarroan aldaketa euskaratik izan dadin bultzada ematen jarraituko du Kontseiluak

2016ko apirilak 08 Iruzkinik ez

KontseilukoBatzarra20160408-1

Iruñean egin du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 2016ko Batzar Nagusia. Bertan, Kontseilua osatzen duten bazkideen ordezkariak bildu dira, 2015eko balantzea egin eta aurtengorako kudeaketa plana adostu dute. 2015ean Nafarroan aldaketa euskaratik eman zedin bultzatzeko egindako ekimenei segida emango die. Ildo horretan, aurten egingo dituen ekimenen artean nagusienetako bat izango da.

Kontseiluko batzarrak 2016an landuko dituen proiektu eta ekimenen artean, hiru izango direla nagusienak erabaki du. Alde batetik, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok gogorarazi du Nafarroan, inoiz ezagutu gabeko gobernu-aldaketa eman dela iragan urtean. “Euskalgintzak gogor egin du lan, aldaketa horren ezinbesteko osagaia hizkuntza-politikaren aldaketa eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen bermea izan dadin. 2015eko apirilaren 25ean, Nafarroan aldaketa euskaratik egin zedin eta euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatzeko ekimena egin genuen Anaitasunan”.

Orduan milaka lagunek egin zuten aldarrikapena gogora ekarri du Bilbaok “Anaitasuna bete zuten euskaltzaleek ozen aldarrikatu zuten euskaraz bizitzeko nahia eta hori gauzatzeko beharrezkoak ziren aldaketak egin zitzan eskatu zioten sortuko zen Gobernuari. Bada, orain, jada Nafarroako hizkuntza-politika kudeatzen ari direnei urrats eraginkorrak eman ditzaten eskatu eta horretan behar den lankidetza eskainiko diegu”. Halaber, Bilbaok gogorarazi du abenduan euskalgintzako ordezkariek agerraldia egin zutela Nafarroako Parlamentuan eskaera bertsuak egiteko: “Urrats eragingarriak eman behar direlakoan gaude, eta instituzioek eta gizarte eragileek elkarrekin jo behar dute emaitzak eraginkortzeko” .

Bigarren ekimen nagusia berriz, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren baitan lantzen ari den Hizkuntza Eskubideen Bermerako Protokoloa izango da. Proiektu honen bidez gizarte eragileen, antolakundeen eta adituen arteko prozesu bat zabaldu da, hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzeko protokolo bat jorratzeko. Honez gero, Kontseilua buru belarri ari da Protokoloa osatzen eta Bilbaoren arabera oso harrera ona hartzen ari da Euskal Herrian zein gure mugetatik kanpo.

Hizkuntza-politiketan orokorrean beharrezkoak diren aldaketak eman daitezen lanean jarraituko du Kontseiluak. Hirugarren ekimen nagusia, ildo horretan kokatzen da. Bereziki Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hizkuntza-politikan ere eragin nahi du. Kontseiluko bazkideek egin duten egoeraren irakurketaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren politiketan ez da aldaketa esanguratsurik nabari Kontseiluak definituak dituen zutabeetan (corpus juridikoa, plangintzak eta baliabideak). Ez dute aldaketarik egin eta normalizazioaren pisu nagusia euskaldunon bizkar uzten jarraitzen dute eta ez dirudi epe laburrean sakoneko aldaketarik aurreikusten denik. Bada, hauteskunde garaian murgilduko denez Euskal Autonomia Erkidegoa, Hizkuntza Politika Berri Eragingarria gauzatu dadin abagune aproposa zabalduko dela aintzat hartuz, horretan lan egingo du Kontseiluak.