[Adierazpena] Herri orok eskubidea du bere etorkizuna zein izango den erabakitzeko, bai eta kanpo eskuhartzerik gabeko hizkuntza-politika definitzeko ere

2017ko irailaren 28a Iruzkinik ez

logo ona-kopiaAzken asteotan Katalunian diren gertakarien aurrean, Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUAk honako hau adierazi nahi du:

Herri orok eskubidea du bere etorkizuna zein izango den erabakitzeko, bai eta kanpo eskuhartzerik gabeko hizkuntza-politika definitzeko ere.

Historikoki, Espainiako Estatuko botere publikoek hizkuntzaren inguruan Kataluniako instituzioek hartutako hainbat erabakiren kontra egin izan dute behin eta berriro. Egun, Katalunian haien etorkizunaz erabakitzeko zabaldu duten prozesua Estatuaren botere publikoen aldetik gero eta eraso bortitzagoak ari da jasotzen,eta oinarrizko eskubideak modu sistematikoan urratzen ari dira.

Horren guztiaren aurrean Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUAk berretsi nahi du herriek zeinek bere etorkizuna inolako kanpo eskuhartzerik gabe erabakitzeko eskubidea badutela, eta bidegabekerioi amaiera emateko eskatu nahi du, bai eta Kataluniako eragileei babesa agertu ere.

 

Andoain (Euskal Herria), 2017ko irailaren 22an