B2 maila erdiesteko ikasteredu orokortua abian jarri beharra agertu du Kontseiluak
Hezkuntza Sailak aurkeztu berri duen Hezkuntzaren aldeko akordioaren prozesuan Ikasle Euskaldun Eleaniztunak proposamena ekarpen gisa sartuko du egunotan.
Atzo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurkeztutako Hezkuntzaren Aldeko Akordioa izeneko prozesuaren karira, Kontseiluak positibo baloratu du derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan ikasleen ezagutza-maila zehatza jaso izana. “Orain arte hizkuntza ofizialen ezagupen praktikoa jasotzen zen eta hori oso lausoa zen. Horrela, egungo planteamenduak bat egiten du Kontseiluaren Ikasle Euskaldun Eleaniztunak proposamenarekin, izan ere, bertan, DBH amaitutakoan ikasleek hizkuntza ofizialetan, gutxienez, B2 maila eskuratu beharra jasotzen genuen” azaldu du Kontseiluko idazkari nagusiak
Horren karira, hurrengo urratsa gaitasun horiek lortzeari begira abian jarriko den ikasteredua definitzea izango da. “Eta hor azpimarratu nahiko genuke ikasle guztiei eskubide berdinak aitortu behar zaizkiela eta, beraz, beharrezko bitartekoak jarri beharko direla ikasleek gaitasun berdinak izan ditzaten. Berdintasunean oinarritzen den gizarte batean gutxiago duenari gehiago eman behar zaio. Soziolinguistikoki zailagoak diren guneetan inbertsio gehiago egitea izan beharko luke norabidea, ez lortu beharreko gaitasunak jaistea. Ikasle guztiek gaitasun berak lortzeko eskubidea dutelako”, adierazi du Kontseiluko ordezkariak.
Hartara, Bilbaok gogora ekarri du abenduaren 4an hezkuntzako eta euskal gehiengo sindikaleko ordezkariekin egindako agerraldia. “Orduan bidea zein den azaldu genuen, hain zuzen ere, Ikasle Euskaldun Eleaniztunak proposamena zein Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, alegia, inoiz hezkuntzaren eremuan eragileen aldetik Euskal Herrian adostasun handien lortu duten dokumentuak, eta beraz, uste dugu ekarpen aberasgarriak direla etorkizuneko hezkuntza sistema definitzeko. Orduko eskaerak, beraz, gaurkotasun handia du.”
Horrela, oraingo aukera probestu beharra azpimarratu du Kontseiluko ordezkariak: “Bat egiten dugu ikasleek lortu beharreko gaitasunetan, abian jar dezagun, beraz, hori lortzeko ikasteredu orokortua, elkarrekin. Horretarako, egunotan Kontseiluak hezkuntza-komunitatearen gehiengoarekin jorratutako Ikasle Euskaldun Eleaniztunak proposamena ekarpen gisa sartuko du Hezkuntzaren Aldeko Akordioa delako prozesuan”.
Iruzkinik ez "B2 maila erdiesteko ikasteredu orokortua abian jarri beharra agertu du Kontseiluak"