Bartzelonako deklaraziotik Donostiako protokolora ekitaldia egingo da ostegunean Bartzelonan

2015ko ekainaren 29a Iruzkinik ez

gonbidapenaazkena

Donostia 2016ren baitan antolatuko den Goi Bileran aurkeztuko den Protokoloaren lanketan hasi dira jada bertako antolatzaileak. Protokoloak hizkuntza-eskubideen bermea du helburu. Eskubideen defentsarako, hizkuntzen arteko berdintasuna eta gutxiagotutako hizkuntzen sustapenerako erreferentziazko dokumentua izan nahi du.

Hilaren 2an, ostegunean, aurkeztuko da Bartzelonako Institut d’Estudis Catalans-en, 19:00etan egingo den ekitaldian. Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala (HEDU) erreferentzia eginez egingo da ekitaldia, 1996an, CIEMEN erakundeak sustatuta onartu zen deklarazioa Bartzelonan.

Ekitaldian, HEDUren lehen jarraipen batzordeko idazkari nagusi Oriol Ramonek; Linguapax International-eko lehendakari Carme Arenasek eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hartuko dute hitza.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua eta Donostia / San Sebastian 2016 Europako Kultur Hiriburuarekin batera, Unrepresented Nations & Peoples Organization, Linguapax International, PEN International, European Language Equality Network (ELEN), Centre Internacional Escarré per a les Minories Ètniques i les Nacions (CIEMEN) eta European Centre for Minority Issues dira antolatzaileak.

Parte hartzea irekia da, baina baieztatzea beharrezkoa da. Horretarako, mezua bidali behar da honako helbidera: info@gb2016donostia.eus