Determinazioz eta ozen aldarrikatu dute Donostian “Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara”
Kontseiluak deituta egin den manifestazioan oztopoak edozein direla ere horiek gainditu eta Euskal Herrian euskaraz biziko garela aldarrikatu dute. Horretarako determinazioa erakutsi dute bertan bildu diren euskaltzaleak eta baita azken ekitaldian hitz egin duten Oñatiko alkate Mikel Biainek eta Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak. Manifestazioa Gipuzkoa plazan hasi eta Bulebarrean amaitu da. Bulebarreko ekitaldian, Bilbaok oztopoak gainditzeko bidea badagoela aldarrikatu du eta elkarlanerako deia ere luzatu du.
Oñatiko alkateak, Mikel Biainek hitz egin du Estatuen aldetik erasoa jasan duten administrazioen izenean. Herritarrekiko duten betebeharra aipatu du Biainek hartu duten erabakiaren arrazoi gisa: “Udal ordezkarioi, gure herrietako pertsonen nahiak, eskubideak… betetzea eta babestea dagokigu. Hori da herritarrekiko hartzen dugun konpromiso garrantzitsuenetako bat. Gure kasuan, udal euskaldunetako herritarrak izanda, bereziki dagokigu hizkuntzari lotutako kontuetan ere arreta jartzea. Udalerri euskaldunak behar beharrezkoak baitira, birikak baitira, gure hizkuntzaren berreskurapen prozesuan”.
Hartutako bideari jarraituko diotela ere gaineratu du Oñatiko alkateak. “Guk gurean jarraituko dugu. Argi dugu bidea zein den eta baita horri jarraituko diogula ere. Gure hizkuntza-politikak zeintzuk izan behar diren eta nola gauzatu behar ditugun erabakitzeko askatasuna nahi dugu. Ez dugu kanpotik beste inork hori erabaki dezan onartuko”.
Paul Bilbaok hartu du hitza ondoren. “Estatu berriak eraiki zituztenean ere, haien Konstituzioetan oso argi utzi nahi izan zuten zein den hizkuntza bakarra. Zein den balioa duen hizkuntza. Hortik bertatik moztu nahi izan zizkiguten hegoak: Frantsesa da errepublikaren hizkuntza edota Gaztelania da Estatu osoko hizkuntza ofiziala esaldiak txertatuz, eta ondo azpimarratuz, behin eta berriz gogorarazi nahi digute zein hizkuntzak duen balioa, eta zein printzipioren arabera gara dezakegun gure hizkuntza politika. Finean, Estatuek, boterea erabiliz, erabaki nahi dute noiz, norekin eta nola erabil edo ikas dezakegun guk geure hizkuntza. Estrategia oso ongi neurtua dute, zertarako eta euskaraz bizi nahi duten herritarrak zokoratzeko.
Baina, antza, are gehiago estutu nahi gaituzte. Antza, ez da nahikoa Konstituzioek ezartzen duten hori eta azken hilabeteotan arnasarik gabe utzi nahi gaituzte: Ezin dituzue aktak euskaraz idatzi, ezin dituzue hizkuntza-irizpideak jarri, ezin dituzue Lapurdiko ikastolak lagundu, ezin duzue euskara ofizial izendatu, ezin diozue euskarari lehentasunezko trataera eman…
Eta horrekin mezu bat eta bakarra helarazi nahi digute Gobernuek Carlos Urkixoren eta Patrick Dallennes-en bidez: Ez duzue askatasunik zuen hizkuntza-politika definitzeko. Ez zarete askeak euskaraz biziko den herriak behar dituen tresnak izateko. Estatuok dugu eskumen osoa zuen hizkuntza-politikak zehazteko, eta argi dugu gaztelania edo frantsesa izango direla hizkuntza hegemonikoak.
Hori da bai, lagunok, bidali nahi diguten mezua. Hori da ematen diguten abisua: Ez zarete nor zuen hizkuntzaren inguruan ezer erabakitzeko!!!”, esan du Bilbaok Estatuen jarreraren inguruan.
Horren aurrean baina euskaldunak ez garela kikilduko gaineratu du: “Benetan uste al dute horrela lortuko dutela herri honetan dagoen euskaraz bizitzeko nahia apaltzea? Ez al gaituzte ezagutzen? Ez al dira ohartzen historian zehar hamaika saiakera egin dutela eta ez dutela inoiz helburu hori lortu? Egia esan, zein nekagarriak diren!”
“Eta, gainera, bidelagunak ere badituzte Gobernuek. Izan ere, Nafarroan ez dute bertako ordezkaria baliatu behar izan neurri eragingarriak hartu dituzten udalen aurka egiteko. Ez, horixe. Nafarroako Gobernuak berak lotsagabeki ekin dio lan horri. Nafarroako Gobernua bera bihurtu da euskararen kontrako gurutzadan zaldun nagusi.
Badirudi aldaketa etor litekeela Nafarroara. Bolo-bolo dabil kaleetan susmo edo nahi hori. Halere, gaurko hitza baliatu nahiko nuke gauzatxo bat mahaigaineratzeko: Nafarroan benetako aldaketa egongo da, baldin eta hizkuntza-politikan egiturazko aldaketak gertatzen badira. Bestela, ez dezala inork aldaketaz hitz egin. Eta horrexegatik, apirilaren 25ean Kontseiluak aldaketarako gakoak zein izan beharko diren azalduko du Iruñeko Anaitasunan”.
Oztopoei aurreko egiteko bidea badagoela esan du Kontseiluko idazkari nagusiak. “Egunero, milaka herritarrek euskaraz bizitzeko nahiari eutsiz, euskaraz biziz, egiten diete aurre Gobernuetatik datozen errekerimendu, helegite, debeku eta enparauei. Gaur ere, Donostiako kaleetan oztopoei aurre egiteko prest gaudela erakutsi dugu”, esan du.
Amaitzeko, elkarlanerako deialdia egin du Bilbaok: “Lagunok, gure nortasunaren, gure bizitzeko nahiaren, gure hizkuntzaren aurkako erasoaldi honi batasunetik eta batasunez erantzun behar diogu. Eragile bakoitzak, instituzio bakoitzak, sindikatu bakoitzak, alderdi politiko bakoitzak, zeinek bere esparrutik egin behar dio aurre eta gaur dei egin nahi diegu eragile horiei guztiei, behingoz, bat egin eta denok elkarrekin jarduteko.
Gure esku dago lagunok, denon esku dago, ez dute inoiz esango etsipenean erori ginenik, izan ere, oztopoen gainetik euskaraz bizitzera goaz. Ekin lanari!”
Iruzkinik ez "Determinazioz eta ozen aldarrikatu dute Donostian “Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara”"