Ertzaintza eta udaltzaingo batzuen aldetik jasotako hizkuntza eskubideen urraketek konponbiderik gabe jarraitzen dute
Euskaraz artatzea eskatutakoan, Getxoko bi udaltzainek eta epaitegietako sarrerako zinpekoak bere hizkuntza eskubidea urratu diotela deitoratu du getxoztar batek. Gainera, gertatutakoaren inguruko salaketa jarri nahi izan duenean, inprimakiak gaztelaniaz jaso dituela gehitu du bere kexan. Hori horrela, salatu du urratu egin dizkietela bere hizkuntza eskubideak, eta langile publikoek euskaraz artatzeko eta dokumentazioa —isuna eta salaketarako inprimakia— euskaraz jasotzeko eskubideak. Hori salatzeko eta gertakaria dimentsio gero eta orokorragoa hartzen ari den arazo baten baitan kokatzeko, agerraldi bateratua egin dute gaur eguerdian Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Euskal Herrian Euskarazek.
Izan ere, apirilaren 24an Getxon gertatutakoa ez da kasu isolatua. Edozein erakunde edo entitaterekin harremanak euskaraz izateko eskubidea izan arren —ahoz zein idatziz—, Ertzaintzarekiko zein herri eta hiri batzuetako udaltzainekiko harremanetan, herritarrak babes eta berme gabe sentitzen dira agenteekin bertako hizkuntza erabiltzeko. Horren lekuko dira Hizkuntza Eskubideen Behatokiak urtero jasotzen dituen herritarren bizipenak.
Arau, neurri, kontrol zein tentsioa areagotu egin diren heinean, azken urtean egoera eta salaketa hauek ugaritu egin dira, eta azaleratu egin dute muinean dagoen arazo nagusia: oraindik orain, herritarrei ez zaiela behar bezala bermatzen segurtasun indarrekin euskaraz komunikatu ahal izatea edo euskarazko zerbitzua jasotzea, eta administrazioan ezartzen diren irizpide berriek ez diete behar bezala aurre egiten muinean dauden arazoei.
Gaur egun, oraindik ere, albo kalteen beldur, herritar asko agenteekin gaztelaniaz egitera behartuak sentitzen dira, edo euskaraz egin nahi dutela berariaz aipatu arren, kasu askotan entzungor egiten zaie. Kasurik larrienetan, gainera, isunak ere izaten dira tartean, herritarrek harremana euskaraz nahi dutela eskatzean, agenteek euren kontrako desobedientzia edo lanaren oztopatzea egozten baitiete. Botere harremana den heinean, horrelako erantzunek areagotu egin ohi dute herritarraren babesgabetasuna.
Egoera hauen aurrean, bereziki kezkagarriak dira arduradun gorenen erantzun eta jarrerak horrelako salaketekiko. Zerbitzua euskaraz bermatzeko dituzten ezintasunak onartzen dituzte, baina hizkuntza eskakizunetan derrigortasun datarik gabeko lan postuen deialdiak ateratzen jarraitzen dute. Pasa den urtarrilean, adibidez, udaltzain edota ertzain izateko lan eskaintzetako deialdi bateratuetan, atea zabalik geratzen zen euskaraz ez zekiten edo zerbitzua euskaraz emateko maila egokia ez zuten pertsonak administrazio publikoan sartzeko.
Agerikoa da inondik inora ez dituztela baldintzak bermatzen herritarren hizkuntza hautua errespetatzeko eta, zerbitzua euskaraz jasotzea eskatzen dutenen hautuak, protokoloak protokolo eta araudiak araudi, albo-kalteak ekartzen dituela: euskaraz dakien agente baten zain egotea, deia edo hitzordua atzeratzea, erantzun txarrak jasotzea… Segurtasun indarren lanerako hizkuntza nagusia gaztelania izateak herritarra baldintzatu egiten duela berretsi besterik ez dute egiten Behatokiak urtero jasotzen dituen hainbat eta hainbat salaketek. Errealitate gordin horri bizkarra ematen jarraitzen dute, ordea.
Hamarkadak daramatzagu neurri eta prozedura berdinetan iltzatuta eta ondorioz, indarrean diren euskalduntze planek zein deialdietan jartzen diren irizpideek eragindako arazoak betikotzen ari dira eta segurtasun indarrekin euskaraz komunikatzea bermatuta egon dadin, urrats ugari daude egiteke.
Iruzkinik ez "Ertzaintza eta udaltzaingo batzuen aldetik jasotako hizkuntza eskubideen urraketek konponbiderik gabe jarraitzen dute"