“Espainiako estatuak hizkuntza-kudeaketa desegokia egiten du, berezko hizkuntzen kaltera”
Acció Cultural del País Valencià – ACPV erakundeak gonbidatuta hitzaldia eman du Kontseiluko idazkari nagusiak Valentzian.
ACPVk beste hizkuntza-komunitate gutxiturekin elkarlanean jorratutako “Lurralde-hizkuntzak helduen enplegagarritasun tresna” plataformaren aurkezpenean hartu du hitza Kontseiluko idazkari nagusiak eta Espainiako Estatuan hizkuntza-eskubideak zertan diren eta erronkak non dauden aurkeztu du gaur Valentzian.
Lehenik eta behin Kontseiluko ordezkariak auzitan jarri du hizkuntza-politiken eskuduntza osoa autonomia-erkidegoen esku dagoenik: “Behin eta berriz ikusi dugu Estatuaren botere legegileak zein judizialak tresna guztiak baliatzen dituztela gaztelaniaren derrigorrezko erabilera ezartzeko edota autonomietako gobernuek hartzen dituzten erabakiak galgatzeko edo bertan behera uzteko.” Ildo horretan Bilbaok gogorarazi du Estatuak Erregio edo Gutxiengoen Europako Itunaren bosgarren ebaluazioaren karira aurkeztutako txostenean argi geratu dela ez dituela gomendioak betetzen: “Urterik urte Europako Kontseilutik Estatuko administrazio periferikoaren zein justiziaren esparruan egiten dizkieten gomendioak ez ditu betetzen, eta hori oso larria da”.
Aurrera begira gizarte-eragileen arteko lankidetzak eta sinergiak ardatz izan behar direla azpimarratu du Bilbaok hitzaldian. Horretarako, gainera, Kontseilua eta ACPV kide diren ELEN plataformaren garrantzia mahai gaineratu du. “Oso interesgarria da elkarrekin gero eta proiektu gehiago garatzea, ACPVko lagunek aurkeztutakoa esaterako, edota Estatuaren hizkuntza-politika elkarrekin salatzea nazioarteko instituzioetan”.
Horrekin batera, Òmnium Cultural, Obra Cultural Balear eta Acció Cultural del País Valencià erakundeek osatzen duten Federació Llul elkartearekin lankidetzan gara litezkeen proiektuez hitz egiteko ere baliatu du bidaia Kontseiluko ordezkariak.
Iruzkinik ez "“Espainiako estatuak hizkuntza-kudeaketa desegokia egiten du, berezko hizkuntzen kaltera”"