Euskaragileak enpresa batzordeak arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean aldaketa emateko konpromisoa berretsi du

2018ko maiatzaren 29a Iruzkinik ez

Euskaragileak3

Euskaragileak enpresa batzordearekin batera agerraldia egin du Kontseiluak. Batzordea sortu zenetik, 2015eko irailean, gaur egun arte egindakoaren berri emateaz gain, aurrera begirako erronken berri eman dute. Arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia emateko abagune aproposa bizi dugula esan dute. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok esan du: “gaurtik bertatik hasi behar dugu aldaketa handi horretarako prestatzen, etorkizuneko langile horiek euskaraz lan egiteko benetako aukerak izan ditzaten”.

Arlo sozioekonomikoren euskalduntzearen inguruko zenbait gogoeta plazaratu ditu Bilbaok agerraldia hasteko, ekimena kokatu asmoz. “Kontseilutik, Inkesta Soziolinguistikoaren eta Kale Erabileraren Neurketaren azterketa egin genituenean esaten genuen bezala, hezkuntzaren bidez gazteak euskalduntzeko prozesuak helduon munduko kristalezko sabaiarekin topo egiten du. Ikasle askok euren ikasketak euskaraz egin ostean lan-mundurako jauzia egitean, mundu erdaldun horrekin egiten dute topo”.

Gaur egungo egoera hori izanda ere, aldaketarako modua ikusten da. “2016ko Eustateko datuen arabera langileen %30 baino gehiagok 50 urtetik gora dute, adina 45 urtera murriztuz gero, berriz, kopuru hori %45tik gorakoa da. Horrek esan nahi du ondorengo 10-15 urteotan milaka pertsonek erretiroa hartu eta jende berriarekin ordezkatuak izango direla lanpostu horietako asko. Jende berri hori hein handi batean euskaraz lan egiteko gaituta etorriko da, eta beraz, arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia emateko unean egon gaitezke”, Bilbaok esan duenez.

Aldaketa hori, gainera, “gaurtik bertatik hasi behar dugu, ordea, aldaketa handi horretarako prestatzen, etorkizuneko langile horiek euskaraz lan egiteko benetako aukerak izan ditzaten. Arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko politiketan, beraz, jauzia emateko unean gaudela uste dugu”, gehitu du Kontseiluko ordezkariak.

Batz, Danobat Group, Cikautxo, Ekin, Elay, Elkar, Fagor, Goizper Group, IMH, Irizar, Mondragon Unibertsitatea Eskola Politeknikoa, Mondragon Korporazioa eta Orklik osatzen dute Euskaragileak enpresa batzordea. Enpresen euskalduntzean aurreratuta dabiltzan enpresak dira hauek. Hauen ereduak ezagutzera emateaz gain, euren gizarte erantzukizunean urrats bat gehiago eman eta eragile ere izan zitezen sortu zen batzordea. Haien izenean, Ander Etxeberriak hitz egin du, Mondragon Korporazioaren ordezkariak, hain zuzen ere.

“Egun hauetan ospatzen ari da Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa eta testuinguru horretan, guk, gure aldetik, nazioarteko jarduera izanda ere, enpresak aurrera eramateko garaian bertako kulturan eta hizkuntzan oinarrituta lan egiteak eskaintzen dituen balio erantsiak edo onurak balioan jarri nahi ditugu”, esan du Etxeberriak.

Batzordearen orain arteko jardunaz aritu da jarraian Etxeberria. “Jardueretako bat izan da, agerian jartzea, enpresetan garatu ditugun euskalduntze prozesuak, euskara gehiago erabiltzetik harago, bestelako balio erantsiak ere ekarri dizkigula: langileen asebetetzean, talde kohesioan, talentuak gureganatzeko garaian etab.” Hornitzaileekin ere garatu da beste lan ildo bat, hainbat hornitzailerekin, bertako enpresei zerbitzua euskaraz emateko lankidetza aukerak aztertzeko.

Azken horri lotuta, une honetan, “ harreman zuzena dugun ikastetxeekiko lankidetza hitzarmenak egiteko aukerak aztertzen ari gara. Hitzarmen hauen helburua bikoitza da. Batetik, bi erakundeon arteko harremanak euskaraz garatzea, eta bestetik, etorkizuneko lankide izango ditugun ikasleei erakustea enpresa batzuk euskaraz lan egiteari garrantzia ematen diogula eta eurak ere lan-munduan euskaraz jarduteko aukera batzuk izan, badituztela”.

Langile berrientzat harrera-plan eredua ere landu du batzordeak. “Hizkuntza aintzat hartuz, harrera prozesu ahalik eta modu egokian nola garatu litekeen zehazteko oinarriak proposatzen ditu, langile berrientzat osatutako harrera-planak”.

Azkenik, batzordeak Eusko Jaurlaritzaren babesarekin abiatu berri duen proiektu baten berri eman du Etxeberriak; Euskaragiletu programa, hain zuzen ere. “Programa honen bidez, Euskaragileok urteotan pilatu dugun esperientzia eta ezagutza beste enpresa batzuen eskura jarri nahi dugu. Horretarako, geure enpresak bisitatu eta gure esperientziaren berri zuzenean jasotzea proposatzen dugu”. Interesa duenak http://bit.ly/Euskaragiletu helbidean egin dezake eskaera.

“Ez nuke esan gabe utzi nahi, Paulek aipatu duen bezala, arlo-sozioekonomikoaren euskalduntzean ondorengo urteak erabakiorrak izango direla. Gure aldetik Euskaragileen batzordetik prozesu horri gure ekarpena egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, baina, argi dugu horretarako bezero, hornitzaile, langile eta administrazioaren bultzada ere ezinbestekoak direla. Hortaz, Paulen hitzak erabiliz, bide horretan jauzia elkarrekin emateko, eskua luzatzen diegu”, amaitu du Etxeberriak.