“Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean” jardunaldia egingo da Iruñean
“Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean” jardunaldia antolatu du UEUk Kontseiluaren laguntza eta Euskarabidearen babesletzarekin. Bertan Nafarroako zonifikazioaren ondorioak alde juridiko batetik aztertuko dira alde batetik, bai eta ikuspegi historikoa, arlo administratiboa, soziolinguistikoa eta euskararen garapenerako trabak ere. Topaketa irailaren 29an egingo da Iruñean eta matrikula zabalik dago (DOAN): www.ueu.eus
Aurkezpenean Ane Sarasuak, UEUko idazkari nagusiak; Roldan Jimeno historialariak; Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Iñigo Urrutia zuzenbide doktoreak hartu dute parte.
Ane Sarasuak, UEUko idazkari nagusiak hartu du lehendabizi hitza: “Hiru helburu nagusik bultzatzen dute UEU bere jarduna egitera egunero-egunero. Lehena, goi-mailako kalitatezko euskarazko formazioa eskaintzea da; bigarrena, eskaintza hori gure tokian tokiko gizarteak dituen beharrei uztartzea; eta hirugarrena, ezagutza hori partitzeko foroak eskaintzea da”. Gaur aurkeztu duten jardunaldia helburu horien adibide ezin hobea dela nabarmendu du Sarasuak. Era berean, jardunaldi hau antolatzeko garaian Kontseiluaren elkarlana eta Euskarabidearen babesletza azmpimarratu ditu: “UEUn elkarlanaren filosofia sustatzen dugu, indarrak biltzea gure jakintza, kultura eta hizkuntza indartzea dela sinesten dugulako. Eskerrik asko benetan jardunaldi hau posible egin duzuen batzorde akademikoari, eta baita Kontseilua eta Euskarabideari ere. Bidean lanean jarraituko dugu”.
Roldan Jimeno historian doktoreak eta jardunaldiko batzorde akademikoko kideak gaia kokatu eta jardunaldia egiteko arrazoiak eman ditu: “1986ko Euskararen Legearen ondorioz, nafarrei bizi diren herriaren arabera aitortzen zaizkie oinarrizko eskubide diren hizkuntza-eskubideak, eta beraz nafarren arteko bereizkeria legez aitortzea ahalbidetu zuen aipatu araudiak. 2011n Nafarroan izandako aldaketa politikoak itxaropen handiak sorrarazi zituen euskaldunongan, besteak beste, Euskararen legearen aldaketa, eremu ez euskalduneko euskaldunek, adibidez, hizkuntza eskubideak izateko, edota, euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko. 2017ko urrian, Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartu zuen Batzorde Berezi bat eratzeko, eta agindua eman zion Batzorde horri Euskararen Foru Lege berri bat prestatzeko hiru printzipio nagusiren arabera: nafarren hizkuntza-eskubideen bermea, hizkuntza-zonifikazioa eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan. Hasi zen, bai, lanean, aipatu Batzordea eta hainbat aditu zein aritu ari dira iritziak agertzen ia astero. Eta, egia da, bai, herritarren arteko berdintasuna bermatuko duen corpus juridikoaren beharra nagusitzen ari dela orain arte izan diren agerraldietan. Gauzak horrela, eztabaida horren guztiaren erdian UEUren eskutik lege berriari buruzko jardunaldia antolatzea egokitzat jo genuen”.
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak Kontseiluak gai honen inguruan azken bi urtetan egindako lana azaldu du: “2016an, Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin zuen Kontseiluak Vascuencearen Legearen urteurrena baliatuz, eskatuz azkena izan zedin. Euskara ofiziala Nafarroa osoan lelopean herritarrek egindako eskabideak jasotzeko ekimena egin zuen Kontseiluak. Denetariko gaiak jaso ziren, baina agerian geratu zen gaur egun ezinezkoa dela Nafarroan euskaraz osotasunean bizitzea. Urte horretan bertan (2017), leihoa zabaldu zen Lege aldaketarako eta Parlamentuan, Roldanek aipatu duen moduan, gaia lantzeko batzordea eratzea erabaki zen. Hori aintzat hartuta, Kontseiluak Nafarroako hainbat herritan lan-saioak antolatu zituen, Lege berria herritarrekin batera idazteko, Euskarari bidea elkarrekin lelopean. Bertan jasotako ondorioak kontuan hartu dira Lege proposamena idazteko orduan.
Urriaren 3an Parlamentuan Lege proposamena aurkeztuko du Kontseiluak. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa du oinarri eta herritarrek egindako ekarpenak jaso ditu eta euskalgintzako eragileen ekarpenekin osatu. Lege berriak, herritar guztien arteko berdintasuna bermatu beharko du, horregatik, ezinbestekoa izango da zonifikazioa gainditzea. Justizia eta erreparazioa behar da urteetan euskaldunok jasandako egoera iraultzeko eta horrek lege babesa behar du. Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea eskubide bat da. Herritarrek horren beharra dute, orain arte zonifikazioak euskaraz bizitzeko aukera ukatu baitie. Orain da unea, behingoz Euskararen Lege berria egiteko, euskaldunontzat egokia izango dena. Orain egiten ez dugunak, epe luzerako kaltea eragingo du”.
Iñigo Urrutia zuzenbidean doktoreak eta jardunaldiko batzorde akademikoko kideak jardunaldiaen egitaraua azaldu du.
Iruzkinik ez "“Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean” jardunaldia egingo da Iruñean"