Hizkuntza-politika egiteko askatasuna izatea inoiz baino garrantzitsuagoa da

2015ko irailaren 16a Iruzkinik ez

Amezketako eta Gaintzako udalen aurka Carlos Urkixok jarritako helegitearen erantzuna udal euskaldunen aldekoa izatea urrats positiboa da Kontseiluaren ustez, baina hizkuntza-politika egiteko eskubidea aitortua izatea inoiz baino beharrezkoagoa dela uste du. “Pozik bai, baina lasai ez” esan du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok berria jaso bezain pronto. “Epaiak pozteko arrazoiak eman arren, ez die gertatutako bidegabekeria guztiei erantzuten” adierazi du.

ona-1

Hizkuntza-politika aurrerakoiak egiten dituzten administrazioen aurkako jarduna etengabea izan bada ere, azken urteotan hori are gordinagoa izan da, bai Estatu espainiarrak EAEn duen ordezkari Carlos Urkixoren eskutik, bai Estatu frantziarraren ordezkari Patrick Dallennes-enetik eta baita Nafarroako Gobernuarenetik ere.

Oztopo hauen guztien aurrean aitzitik, udal euskaldunek determinazioz egin dute aurrera, kasu batzuetan epaitegietara helduta ere. Kasu honetan, epaia aldekoa izan bada ere, euskaraz bizi nahi dugunok ezin dugu atsedenik hartu. “Tamalez, kontrako epaiak ere izan dira, eta hainbat auzibide zabaldu zituen Estatu-ordezkariak. Hortaz, Demoklesen ezpataren azpian jarraitzen duten euskaraz bizitzeko politika ausartak abian jarri zituzten hainbat udal”

Otsailean Kontseiluak antolatuta Donostian egin zen “Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara!” manifestazioaren harira Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiak aipatutakoa berresten da oraingoan ere: “Kasu hauek agerian uzten dute euskaldunak ez garela askeak. Gaur gaurkoz, ez daukagu guk nahi dugun hizkuntza-politika egiteko dugun eskubidea aitortua. Hori ukatu egiten zaigu”. Bada, ezin gara ere epaitegiek erabakitzen duten horren peskizan bizi eta horregatik, beharrezkoa da hizkuntza-politika egiteko eskumena gurea izatea.

Otsailaren 28an egindako manifestazioan zein beste deialdi batzuetan argi ikusi da euskaraz bizi nahi duen herritarrak zein instituzioek determinazioa dutela bide horretan urratsak emateko eta Kontseiluak horretan jarraitzera animatu nahi ditu.

 

Etiketak: