Iruñean 58 haur geratu da plazarik gabe euskarazko haur eskoletan
Kontseiluaren baitan biltzen den Iruñeko euskalgintzak haur eskolak euskaldundu daitezen daraman dinamikaren lanean segitzen du. Aurre matrikulazio garaia igarota, datuak jaso eta hauen gaineko irakurketa plazaratu nahi du. Dagoen eskariari erantzuteko nahikoa eskaintza ez dago oraindik. Hauteskundeen ondoren sortzen den udal-taldeak arazo honi irtenbidea eman beharko diola aldarrikatu dute.
Datuak ezin argiagoak izan dira Haur Eskoletako aurre matrikulazioetan. Euskarazko eskaintza zabaldu gabe ere, baina auzoka modu orekatuagoan emanda, eskaria nabarmen igo da. Euskarazko eskaria ez bada aurre matrikulazioetan askoz nabarmenago agertzen, arrazoia argia da: Euskarazko eskaintza faltak erabat baldintzatzen du eskaera. Hauxe da Udal berriak aztertu eta aurre egin beharko duen arazoa.
Aurten arte euskarazko eskaririk ez zen Arrotxapean, modu ofizialean bederen. Aurten euskarazko haur eskola bihurtu da Rotxapea Haur Eskola. 82 plaza bete dira. 31 haur plazarik gabe geratu dira. Haurtzaro gaztelaniazko Haur Eskolan eta ingelesezko jarduerak dituen baina gaztelaniaz den Hello Rochapean, ordea, hiruna haur. Hello Rochapeak egun erdiko plazak eta egun osoko plazak zituen: Orotara, 123. Denak bete dira, baina propagandak eta eskaintza gurasoen beharretara moldatzeak beren eragina dute, bultzada instituzional garbia baitu.
Txantrean ere plazarik gabe geratu denik izan da. Izartegi euskarazko Haur Eskolan 82 plaza bete dira eta 27 haur lekurik gabe geratu dira. Egunsenti gaztelaniazko Haur Eskola bihurtu da. 82 plaza bete ditu, baina plazarik gabe haur bat besterik ez zaio geratu. Nafarroako Gobernuarena den Txantreako Santa Teresa Eskolak bete ditu bere 55 plazak, baina kanpoan haur bat besterik ez du utzi.
Euskaraz 164 plaza eskaini zituen Iruñeko Udalak. Gutxi, 58 haur baitira lekurik gabe geratu direnak. Eskarietatik % 26 baino gehiago kanpoan geratu dira. Bigarren aukera gisa zuten beste 40 haur ere zain daudenen zerrendan daude.
Aldiz, Arrotxapean eta Txantrean gaztelaniazko eskarietatik % 2’29 besterik ez dira geratu kanpoan.
Arrotxapean eta Txantrean 222koa izan da euskarazko eskaria eta gaztelaniazkoa (edo gaztelania-ingelesekoa) 350ekoa. Zifra horietan ere amarrua dago. 342 plaza eskaini badira gaztelaniaz eta 164 euskaraz, egoera horrek modu nabarmenean baldintzatzen du eskaria. Bestela, euskaltzaletasuna are nabarmenagoa agertuko zen. Froga moduan: Gainontzeko auzoetan eskaria % 0 izan da, justu eskaintzaren portzentaje bera.
Iaz Txantreako euskarazko Haur Eskoletan 32 haur geratu ziren plazarik gabe. Eskaintza orekatuagoa egiteak aurre matrikulazioen gorakada eragin du. Plazarik gabe geratu direnen kopurua % 81’25ean handitu da.
Udal berriak arazo hau konpondu behar du: Auzo guztietan euskarazko eskaintza egotea bematu behar du.
Iruzkinik ez "Iruñean 58 haur geratu da plazarik gabe euskarazko haur eskoletan"