Kontseiluak bat egin du Seaskaren mobilizazioarekin

2018ko apirilaren 27a Iruzkinik ez

SeaskaEuskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, maiatzaren 4an Seaskak deitutako mobilizazioan parte hartzeko deia egingo du. Bide batez, jakinarazi nahi du Paul Bilbao idazkari nagusia bertan izango dela.

“Gero eta familia gehiagok hautatzen du Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euren haurrak euskarazko murgiltze eredua. Hain zuzen ere, Seaskaren aldeko apustua egitea. Hori adierazten dute datuek argiki”, Paul Bilbao idazkari nagusiaren esanetan.

Datorren ikasturtean 230 ikasle gehiago izango ditu Seaskak eta horretarako, 25 irakasle gehiago beharko ditu, ohikoa duenez, beharrezkoa den kalitatezko zerbitzua bermatzeko. Aitzitik, Hezkuntza Ministerioak ahalak ukatu egin dizkio.

“Behin baino gehiagotan salatu ditugu kanpo esku-hartzeak eta aldarrikatu dugu hizkuntza-politika egiteko eskumena. Bada, gisa honetako gertaerek agerian uzten dute horretarako dugun beharra. Etorkizuna euskaldunagoa izatea ahalbidetzen duen ikastereduari mugak jartzeak ez du inolako zentzurik. Aitzitik, kontrako norantza izan beharko luke politikak”.

“Seaskari gertatutakoaz ari gara une honetan, baina Euskal Herri osoko hezkuntza sistema desberdinetan gertatzen den zerbait da, izan Estatu batetik zein bestetik”, Bilbaoren ustez.

Hori gainditu beharra aldarrikatu nahi du Kontseiluak. Badugu gure proposamen propioa, Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen hezkuntzako eragileek elkarlanean sortu zutena Kontseiluaren gidaritzapean eta ondoren gehiengo sindikalaren babesa jaso duena.

 

*Argazkia: @seaskaikastola