Nafarroan eratuko den Gobernuari hizkuntza-politikan erroko aldaketa behar dela gogorarazi dio Kontseiluak
Nafarroako Gobernua osatzeko lanetan ari diren honetan, Kontseiluak Gobernua osatuko duten alderdiei hizkuntza-politikaren inguruan mezua luzatu nahi izan die. Iruñean egindako agerraldian, Paul Bilbao idazkari nagusiak gogora ekarri du apirilaren 25ean Anaitasunako ekitaldian proposatutakoa. Orduan aurkeztutako dokumentuan hurrengo legealdian hizkuntza-politikan jarraitu beharreko bidea jasotzen da. Aipatu dokumentuan jasotzen den edukia izango da Gobernu berriak gauzatzen duen hizkuntza-politikari jarraipena egiteko tresna.
Aldaketa herritarrei esker izan dela posible esan du Bilbaok agerraldia hasteko. “Herritarrok motibazio desberdinak izan ditugu aldaketa eskatzeko garaian eta horien artean euskararen inguruko kezka bereziki indartsua izan da aldaketa eragiteko unean”.
Aldaketaren nahia handia behin baina gehiagotan agerian geratu dela esan du Kontseiluko idazkari nagusiak. “Aldaketa nahi horren adibiderik garrantzitsuena Kontseiluaren eskutik euskaltzaleok Anaitasunan egin genuen ekitaldia da. Garrantzitsuena bai baina ez bakarra, 2010ean Kontseiluaren eskutik hori ere inoizko manifestaziorik handiena egin zen euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuz eta herritarren nahia azaleratuz”, esan du.
Herritarren nahiari jarraituz, “esan daiteke hizkuntza-politikan egiturazko aldaketak egin behar direla. Gobernu berriak, aldaketaren gobernuak, hizkuntza politika berri bat jarri behar du abian”gaineratu du Bilbaok.
Anaitasunan adierazi bezala egiturazko lau bidek definitu behar dute hizkuntza politika berria Kontseiluaren ustez. Lehenik eta behin, Vascuencearen legetik euskararen legera jauzi egin behar da. “Euskararen normalizazioa eragozteko helburua izan duen erregimenaren arkitektura juridikoa errotik aldatu beharra dago eta araugintza berria indarrean jarri”.
Bigarrena, plangintzei dagokiena da. Ildo horretan, plangintzen aroari hasiera eman behar zaiola esan du idazkari nagusiak, bai alor publikoan nola pribatuan ere. “Hizkuntza politika planifikatua egin behar du Gobernu berriak helburuak eta epe zehatzak ezarriz”.
Horrekin batera bitarteko egokiak esleitu behar dira hizkuntza politika egoki garatzeko. Baliabide administratiboak, ekonomikoak eta giza baliabideak ere.
“Azkenik, erregimenak eraiki dituen diskurtso eta ideia zitalak desegiteko lan intentsua egin behar du Gobernu berriak”, Bilbaoren esanetan.
Arestiko dena egoki lantzeko konplizitatea da bidea Kontseiluaren ustez. “Euskara normalizatzea zeregin politikoa eta soziala da aldi berean eta egoki lan egiteko beharrezko zubiak eraiki behar dira. Kontseilua prest dago lan horri ekiteko”, gaineratu du idazkari nagusiak.
Anaitasunaren testuinguruan aldaketa politikoa aldarrikatzen zuten alderdi nagusiekin bildu zen Kontseilua. “Bilera horietan dokumentu bat eskaini genien hizkuntza politikak Nafarroan lehen legealdian ibili beharreko bidea marrazten duena. Gogora ekarri nahi dugu dokumentu hori, izan ere, Kontseiluak horren baitan baloratuko baitu Gobernu berriaren ibilbidea” esan du Bilbaok.
Iruñean, 2015eko ekainaren 16an
Iruzkinik ez "Nafarroan eratuko den Gobernuari hizkuntza-politikan erroko aldaketa behar dela gogorarazi dio Kontseiluak"