Azaroaren 8 eta 9an, ELEN sareko Batzar Orokorra egingo dugu Bilbon
Azaroaren 8tik 10era, Bilboko Itsasmuseumen egingo da European Language Equality Network (ELEN) erakundearen 2024ko Batzar Orokorra. Topaketa honek Europa osoko hizkuntza gutxituen aldeko ordezkariak, aktibistak eta adituak bilduko ditu, hizkuntza-aniztasunaren eta gutxitutako hizkuntzen biziberritzean sakontzeko.
–
ELEN, Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sarea
ELEN nazioarteko erakundea da, eta 175 erakunde kidek osatzen dute gaur egun, 50 milioi hiztun baino gehiago ordezkatuz Europako 25 herrialdetan. Oro har, ELENeko kideek hizkuntza horietako 50 milioi hiztun baino gehiago ordezkatzen dituzte, Europar Batasuneko biztanleriaren ia % 10.
Batzar Orokorra da erakundearen bilgune gorena, eta ikerketa eta lan ildo berrien aurkezpenerako, eztabaidarako, zein Europa mailan hizkuntza gutxituen biziberritze eta normalizazioan eragiteko proposamen eta politika berrien adostasunak lantzeko espazioa da. Aurten, nazioarteko 80 delegatutik gora elkartuko dira Bilbon.
Euskalgintzaren Kontseilua, euskararen aldeko eragile sozialen bilgune nagusia, ELEN sarearen sorreratik da kide eta lehendakariorde. Kontseiluak izango du aurtengo Batzar Orokorra antolatzeko ardura, Eusko Jaurlaritzaren, EITBren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin.
Hitzaldi eta mahainguru ugari
Azaroaren 8an, ostiralean, hasiko da Batzar Orokorra. Arratsaldeko 14:25etan, Elin Haf Gruffydd Jones ELENeko presidenteak eta Davyth Hicks idazkari nagusiak egingo dute sarrera. Ondoren, hainbat gai jorratuko dira: 14:30ean, Iñaki Iurrebasok (UEMA) datu demolinguistikoen interpretaziorako gako berriak azalduko ditu. 15:15ean, hizkuntzaren eta generoaren arteko gurutzaketa hizpide izango dute Lorea Agirrek (Jakin) eta Dani Amarelok (USC). Digitalizazioak hizkuntza gutxituen arloan duen eragina ere landuko da; horretarako, Aitzol Astigarraga Elhuyar-ORAI NLP proiektuaren koordinatzaileak hitz egingo du 16:00etan. Ondoren, 16:45etan, Craig Willisek (ECMI) Europako komunikabideetan hizkuntza-aniztasunari buruzko COST ACTION proiektu berria aurkeztuko du, eta jarraian, hizkuntza aktibismorako hurbilketa desberdinez hitz egiteko mahainguruan izango dira Conchúr Ó Giollagáin (UHI), Elena Jimenez (Omnium Cultural) eta Ciarán Mac Giolla Bhein (Glór na Móna). Honekin, eguneko saio irekiak bukatutzat emango dira eta aretoa hustuko da.
Azaroaren 9an, larunbatean, goizeko 9:00etan inaugurazio ofiziala eta ongi etorria egingo dira, Elin Jones, Davyth Hicks, Idurre Eskisabel ELENeko presidenteordeak eta Kontseiluko idazkari nagusiak, Eider Inunciaga Bilboko Udaleko euskarako zinegotziak, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko euskara diputatuak, eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren hitzartze laburrekin. Jarraian, 9:30ean, lehenengo panela hasiko da, hizkuntza gutxituen normalizazioan politika publikoek duten garrantzia aztertuz. Lehenengo saioan, Paul Bilbaok Euskal Herriko errealitatea azalduko du, eta ondoren beste ikuspegi europarrak emango dituzte Mirjam Vellingak (Afuk/ELEN, Frisia), Marcos Maceirak (A Mesa pola Normalización Lingüística, Galizia) eta Vesna Crnić-Grotićek (Europako Kontseilua, Kroazia). Ondoren, 10:20ean, Kike Amonarrizek Tolosan euskararen biziberritze-prozesuaren arrakasta kasua azalduko du. 10:50ean, kafe-etena eta talde argazkia egingo dira.
11:30ean, bigarren panela izango da, Euskal Herriko eta Galeseko arnasguneak aztertzeko. Miren Segurolak (UEMA) euskararen arnasguneen estrategiak azalduko ditu, eta Elin Jones eta Richard Glyn Robertsek galeseraz hitz egiten duten komunitateen inguruko txostena aurkeztuko dute. Xavier Vila soziolinguista eta Kataluniako Gobernuko Hizkuntza Politika idazkaria izango da moderatzailea. Hortik aurrerako saioak ELENeko kideentzat soilik izango dira.
Batzar Orokorreko programa ESTEKA HONETAN ikusi dezakezue. Aurkezpen eta hitzaldi guztiak EITB.eus bidez zuzenean emitituko dira.
–