Europa osoko hizkuntza gutxituetako ordezkariek bat egin dute azaroaren 4ko manifestazioarekin

2023ko urriaren 09a

Urriaren 7an ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sarearen urteko Batzar Orokorra egin du Sardiniako hiriburu Casteddun (Cagliari). ELENek Europar Batasuneko 25 estatutan hitz egiten diren 50 hizkuntza eta 50 milioi hiztun ordezkatzen dituzten 174 erakundetako batzen ditu.

Aurtengo batzarrean Europa osoko hizkuntza gutxituen aldeko erakundeen 50 ordezkari baino gehiago elkartu dira, hizkuntza-politiketako aditu eta akademiko gonbidatu ugarirekin batera. Besteak beste, han izan da euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusia, Euskalgintzaren Kontseilua. Arratsaldeko saioan, Batzar Nagusiak aho batez onartu zuen azaroaren 4an Bilbon euskararen alde egingo den manifestazioari babesa eta atxikimendua emateko Ebazpena.


ELEN European Language Equality Network

EBAZPENA

Europa osoan, eta bereziki Espainiako Estatuan, hizkuntza gutxituek urteak daramatzate muga politikoak jasaten, euskara, katalana eta galiziera adibidez. Gainera, aragoiera eta asturiera bezalako hizkuntzei oraindik ez zaie ofizialtasunik aitortu dagozkien eskualdeetan. Euskararen kasuan, normalizazioaren aurkako oldarraldia ezaguna da, batez ere ipar Euskal Herrian eta aitorpen ofizialik ez duen Nafarroako eremuan. Azken hilabeteotan, berriz, euskararen kontrako oldarraldi judiziala ofiziala den lurraldeetara ere hedatu da, ofizialtasuna zein normalizazio prozesua zalantzan jarriz.

Horren aurrean, ELENeko erakunde garen aldetik gure kezka sakona adierazi nahi dugu euskararen normalizaziorako neurriak eta prozedurak, eta beraz, milaka pertsonen eskubide zibilen betearazte osoa, baliogabetzen dituzten epai judizialen uholdearen aurrean. Sententzia bakoitzarekin argiago ikusten da euskararen aurkako oldarraldi baten aurrean gaudela, eta gehiengoaren borondate demokratikoaren eta botere legegilearen gainetik pasatzen ari den hizkuntza-politika murriztaile eta atzerakoi bat zuzentzen ari dela justizia.

Adibide bat jartzearren, Espainiako Konstituzio Auzitegiak Euskal Autonomia Erkidegoko Udal Legeari buruz emandako sententzia, udalek euskaraz lan egiteko duten legezko eskubidea ukatzen duen epaia. Udal Lege hau Eusko Legebiltzarrak adostasun zabalarekin onartu zuen, eta beraz, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak, orduan hartutako erabakiaz gain, adostasun sozial esanguratsu hori urratzen du. Alegia, sententzia hau akordio instituzionala zein kohesio sozialaren aurka doa.

Zentzu horretan, ezinbestekoa da hizkuntza-gaiak ekitatearekin eta justizia sozialarekin kudeatzea elkarbizitza sendotzeko eta demokrazia sendotzeko. ELENen ustez, gaur egun epaitegietan hartzen ari diren erabakiak gai horien aurka doaz eta hainbeste urtetan lortutako eskubideetan atzerapauso nabarmenak ekar ditzakete.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Gobernuari, eta bereziki Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari deia egiten diogu, gai honen inguruan neurriak har ditzan, eta behin betiko amaitzeko euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren aurkako oldarraldia. Berdintasun, justizia eta gizarte kohesio kontua da hau. Funtsean, eskubide zibilen kontua.

Egoera honen izaera kezkagarria ikusita, mobilizazio soziala ezinbestekoa dela uste dugu. Urrats bat aurrera egiteko garaia da, giza eskubideak erdigunean jartzeko, eta kolektiboki gure desadostasuna erakusteko. Horregatik, ELENek Euskalgintzaren Kontseilua antolatzen ari den manifestazioaren alde egiten du eta pertsona eta erakunde guztiak animatzen ditu azaroaren 4an Bilbon egingo den protestan parte hartzera, lege honen aurka, baina batez ere euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde, gainontzeko hizkuntza gutxitu guztienarekin batera.

Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat.

Casteddu, 2023ko urriaren 7a.