Foro Sozialeko ordezkariekin batu da Paul Bilbao
Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariekin batu da eta etorkizunari begira gaia gizarteratzeko elkarlanean jarraitzeko borondatea adierazi dute.
2020 urtean Foro Sozialak Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala delako dokumentua jorratu zuen, eta ordutik euskal gizarte zibileko elkarte, fundazio eta erakundeekin bilera publikoak egin dituzte, besteak beste Euskalgintzaren Kontseiluarekin. Bilera hauetan Foro Sozialaren lana aurkeztu, ekarpenak jaso eta, hala badagokio, elkarrekin jorratzeko ekimenak adosteko xedea izan dute. Kontseiluak idatzizko ekarpenak egin dizkio Foro Sozialak aurkeztutako dokumentuari.
Kontseiluak bat egiten du dokumentuak jasotzen duen helburu nagusiarekin, hau da, “bizikidetzak beharko luke izan gizarte ororentzat lehentasun politikoa, eta beraz, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuak izatea”. Horrela, Kontseiluak egokitzat jotzen du bizikidetza demokratikoaren eraikuntza posible izan dadin eta pertsona guztiok dagozkigun eskubideen jabe izan gaitezen hainbat korapilo askatu beharra.
Paul Bilbaoren arabera, korapilo garrantzitsuak jasotzen dira Foro Sozialak aurkeztutako dokumentuan. «Halere, gure aldetik askatu beharreko beste korapilo bat erantsi nahi izan dugu, hizkuntzarena, hain zuzen. Finean, gure herriaren historiari lotzen bagatzaizkio, hizkuntza-menderakuntza ezin da testuinguru soziopolitikotik at ulertu», adierazi du Kontseiluko eledunak. Menderakuntza hori inertzia politiko zehatz batzuek eragin dutela azpimarratu du, eta beraz, «bestelako agertokiaren orubea zehazten ari garen honetan, nahitaezkoa da azken hamarkadatan bizi izandako gutxiagotzeen egoera iraultzea».
Ondorioz, Kontseiluak egindako ekarpenaren muina hori izan da: gurean ere hizkuntza botere-gatazkaren parametroetan kokatzeko beharra. Eta, nola ez, hizkuntza-menderakuntzaren egoera hori menderakuntza-egitura orokorren bortizkeria gisa.
Hizkuntzaren ikuspegia, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko gako bat
Kontseiluak zinez uste du nahitaezkoa dela bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromisoak kontuan hartu beharko lituzkeen zenbait eduki identifikatzea, eta horietako batzuetan hizkuntza-eskubideek berariazko tokia hartu beharko lukete. Bilbaoren hitzetan, «menderakuntzaren indarkeria sinbolikoa aitortu eta hori askatzea ere badagokigu, eskubide guztiak. Ez genuke, inondik inora ez, zuzen jokatuko hizkuntzaren korapiloa askatuko ez bagenu».
Gainera, Kontseiluak azpimarratu du gizarte-eragileok egina dutela, honez gero, hausnarketa. Europa osoko hogeita hamar hizkuntza-komunitate gutxituetako ehundik gora eragilek bizikidetza demokratikoaren orubea zehazteko ekarpena egin zuten Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren bidez. Bertan modu xehean jaso zuten gizarte eragileek zein izan beharko litzatekeen orube hori. Protokoloa dokumentu integrala da, eta egoera gutxituan dagoen hizkuntza-komunitatearen eskubideak bermatzeko hartu beharreko 185 neurri biltzen ditu. Kontseiluaren ustez, Protokoloak bere egiten dituen hamaika printzipioak izan beharko lirateke kontuan bizikidetza demokratikoa ahalbidetuko duen norabidetzean.
Kontseilua sinetsita dago bizikidetza demokratikoak eraikitzeko prozesua integrala izan behar duela, eta beraz ekarpena eskatu izana estimatua dela. Estatuen menderakuntza eta gutxiagotze bortitza izan duen euskararen, eta euskaldunen, aldetik ere egoera hau gainditu eta hizkuntza-eskubideen bermea zein euskararen normalizazioa posible egingo dituen beste egoera bat eraikitzeko beharra azpimarratu nahi izan du Kontseiluak egindako ekarpenen bidez.
Horregatik, Paul Bilbaok adierazi duenez, «eginkizun horretan ahaleginean ari direnekin elkartasunez eta eskuzabaltasunez elkarlana burutzeko konpromiso hartzea badagokigu», eta ekarpen demokratikoa eraikitzeko osagarri gisa har dadila eskatu du.
Iruzkinik ez "Foro Sozialeko ordezkariekin batu da Paul Bilbao"