Ongi Etorri Euskararen Mundura. II. Harrera Jardunaldiak. Ekainak 5-6. Arrupe Etxea, Bilbo.

Aforoa bete da eta izen-ematea itxi dugu. Barkatu eragozpenak.

Ekainaren 5 eta 6an, Ongi Etorri Euskararen Mundura. II. Harrera Jardunaldiak egingo ditugu Bilbon, Arrupe Etxean (nola iritsi), Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak elkarlanean antolatuta.

Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren egungo erronketako bat da euskal herritar berriak helburu hori erdiesteko aliatu egitea. Horretarako, ezinbestekoa da hizkuntza harrera egokia gauzatzea. Premia hori sumatuta lanean ari dira hainbat eragile eta instituzio. Nolanahi dela, sortzen ari diren gogoeta eta praktika horiek elkarrekin partekatu eta amankomunean bideratzea premiazkoa da hizkuntza harrera egokira ailegatzeko. Hain justu, aurreko urteko Ongi etorri euskararen mundura harrera jardunaldietan, harrera egoki baterako zumeak zeintzuk izan beharko liratekeen hausnartu genuen (ikus iazko kronikak eta grabazioak).

Aurtengo jardunaldietan berriz, hausnarketa horiek indarrean jartzeko aukerez hitz egingo dugu, martxan dauden harrera plan eta praktikak elkarbanatzeko aukera ere izango dugu.

.

Nori zuzenduta daude?

Jardunaldiak udaletako arduradun politikoei, euskara eta migrazio teknikariei, hezkuntza formal eta ez-formaleko hezitzaileei eta gizarte mugimenduetako kideei zuzenduta egongo dira, baita gaian interesa duen edonori ere.

.

Kokapena

Gero eta gehiago dira euskal herritar berriak, beren jatorrizko bizilekuak utzi eta bizimodu hobe baten bila heldu zaizkigunak. Euskararen normalizazioan eta biziberritzean aurrera egin nahi bada ezinbestekoa da gertakari hori aintzat hartzea, eta ezinbestekoa da, euskal herritar berri horiei hizkuntza harrera egokia egitea: euskarara iristeko eta euskaraz jabetzeko bidea ematea. Are, euskararen komunitateko kide aktibo bihurtzea.

Honen guztiaren helburuak bi dira, estuki elkar lotzen direnak: batetik, hizkuntza harrerari buruzko ezagutza ekoiztea; eta, bestetik, ezagutza horretatik abiatuta harrera protokolo egokiak diseinatzea erakunde eta eragileen aldetik esku-hartze egokiak bideratzeko.

Migrazio prozesuez hitz egitean gailentzen den ikuskera funtzionalaz harago, bizitza proiektuak garatzera datozela aintzat hartzea funtsezkoa da, eta euskarak bide horretan berebiziko garrantzia izan dezake. Horretarako, ordea, haien errealitateei tentuz erreparatu behar zaie. Euskara inklusio elementu izango bada, gizarte homogeneo bat euskalduntzeko bideek ez dute balioko, gizarte plural eta askotarikoa baita gurea.

Gai honetan zeharka jardun behar dela ulertzen dugu, administrazioak erraztaile izan behar du, eta gerturatzen den pertsona modu integral batean begiratu. Babes instituzionala beharrezkoa da, baina, ardurak partekatua izan behar du eta elkarlana oinarri izan behar da.

Harreraren indarguneak plano lokalean daudela uste dugu, beraz, harrera komunitarioak ahalbidetu eta bultzatzea estrategikoa da, harrera integrala izateko zume gisa. Ikuspegi komunitarioa izatea, inklusioa sustatzea, ahalduntzea eta bizi baldintzak eraldatzea izan beharko dira harreraren oinarri, hizkuntza zehar-lerro gisa eremu guztietan txertatuz.

Jatorri-aniztasuna da egungo immigrazioaren ezaugarri nagusia eta horrek bere baitan dakarren hizkuntza-aniztasuna. Harrera herri euskalduna izango bagara, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoa ezagutzea beharrezkoa izango da. Aberastasun linguistiko esanguratsua duen gizartea gara, beraz, nola sustatu euskararen ezagutza unibertsala, komunitate etorkinen hizkuntzak ere indartuz?

Euskara eta immigrazioa ez dira arazo bat, erronka baizik. Horregatik, euskara oztopoarekin eta diskriminazioarekin lotzen dituen markoa gaindituz, hizkuntza gutxitu batek behar duen adostasun soziala bermatzea beharrezkoa da.

Azkenik, zaurgarritasunetik euskalduntzeko moduak aurkitu behar ditugu, izan ere, euskalduntzeak migratzaileen egoerak kontuan izango dituen politika, programa, bitarteko, laguntza eta metodologiak behar ditu inklusio tresna izan dadin.


EGITARAUA

09:30-10:00        Harrera eta agurrak.

  • Idurre Eskisabel Larrañaga – Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
  • Aitor Aldasoro Iturbe – Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea

10:00-11:30        Hitzaldia: Kataluniako esperientziak eta politikak.

  • Vanessa Bretxa i Riera – Kataluniako Generalitateko Katalanaren Ezagutza Eskuratzeko eta Erabilera Sustatzeko zuzendari nagusia

11:30-12:00        Atsedenaldia: Kafe-etena.

12:00-13:00        Hitzaldia: Harrera linguistikoa. Oinarriak eta erronkak.

  • Belen Uranga Arakistain – Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria eta Bat Soziolinguistika Aldizkariaren koordinatzailea

13:00-14:00        Solasaldia: Iritsi, iraun, bizi. Euskal Herrira heltzen diren migratzaileen ibilbideak.

  • Mikel Mazkiaran Lopez de Goikoetxea – SOS Arrazakeria
  • Rizwan Ali ‘Jon’ – Ibarrako Bizi Nahi elkartea

14:00-15:00        Bazkaria.

15:00-16:30        Mahaingurua: Harrera linguistikoa: erakunde publikoen rola eta erantzukizuna.

  • Javier Arakama Urtiaga – Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea
  • Itsaso Lekuona Legorburu – Hernaniko Udaleko Kulturartekotasun zinegotzia
  • Eusko Jaurlaritza

09:30-10:15        Solasaldia: Askotariko bideak, hautu bat: zer eman digu euskarak? Erdarazko ereduetan eskolaratutakoen edota helduak zirela euskaldundutakoen gogoetak.

  • Eli Carrascosa Vacas – Gabriel Aresti euskaltegiko irakaslea eta ikasle ohia
  • Boubacar Diouf – Mbolo Moye Doole elkarteko kidea
  • Julia Shershneva Zastavnaia – Ikuspegi, Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria
  • Fernan López López – AEKko ikasle ohia eta Euskotreneko langilea

10:15-11:15        Mahaingurua: Hezkuntza euskaratik abegi.

  • Josune Zabala Alberdi – Eusko Jaurlaritzaren Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren zuzendaria
  • Garazi Zarautz Pensado – Ongi Etorri Eskolara proiektuko koordinatzailea
  • Odei Guirado Irasuegi – EHUko irakaslea eta ikertzailea Hezkuntza Zientzien sailean, Pulunpa (e)ta Xin!, erdal jatorria duten ikasleentzako harrera- eta murgiltze-plana (Zirimola Ikastolen Elkartea)

11:15-11:45        Atsedenaldia: Kafe-etena.

11:45-12:45        Mahaingurua: Ongi etorria komunitatetik.

  • Iñigo de Pablo Rojo – Herriko Benta (Artea)
  • Eneko Gorri – Plazara (Ipar Euskal Herria)
  • Iñaki Telleria – Txatxilipurdi aisialdi taldea (Arrasate)
  • Ane Salvador – AZET etxebizitza sindikatua (Bilbo)

12:45-13:30        Ariketa dinamizatua: izan gaitezen harrera herri bat, eta euskara harrera hizkuntz bat.

13:30-14:00        Jardunaldien itxiera.

Ongi Etorri Euskararen Mundura. II. Harrera Jardunaldiak
Sakatu kartela handitzeko.