Errealitatea ukatu eta izaera jakobinoari eusteko grina
Euskalgintzaren Kontseiluak kezka agertu du atzo, eta epea agortzear zegoela, hirurogei diputatuk duela bi aste Frantziako Asanbleako gehiengo zabal batek onartutako Eskualdeetako Hizkuntzen Ondare-babesari eta horien Sustapenari buruzko Legeari jarritako helegitearekin.
Muturreko izaera jakobinoa
Lehenik eta behin, Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok gogora ekarri du duela bi aste legea onartu zenean egindako balorazioa: «Bi elementu azpimarratu nahi izan genuen Asanbleak legeari baiezkoa eman zionean; batetik, oso pozgarria zela berezko hizkuntzen aldeko ekimenak askotariko alderdietako diputatuen babesa izatea, eta bestetik, hari horri tiraka, garaipentzat hartu behar zela Gobernuan daudenen irizpidearen kontra onartu zela. Horrek erakusten zuen Asanbleako kideekin beste modu batez lan egiteko aukerarik bazegoela» azaldu du.
Gauzak horrela, gehiengo zabal eta askotarikoa duen legeari helegitea jartzea egun Frantzian indarrean dagoen araudi jakobinoari eusteko saiakera besterik ez dela ondorioztatu du Euskalgintzaren Kontseiluak: «Jarrera demokratikoaz haratago, mendeku-jarrera agertu dute hirurogei diputatuek. Kosta ahala kosta mantendu nahi dute Estatuaren izaera elebakarra» gaineratu du Bilbaok.
Konstituzio Kontseiluaren erabakiaren zain
Euskalgintzaren Kontseiluak badu kezka Konstituzio Kontseiluak izan dezakeen jarrerarekin «Gogoratu behar dugu organo horrek eragotzi zuela Frantziako Estatuak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berrestea, hain zuzen ere, Konstituzioaren arabera errepublikako hizkuntza frantsesa dela argudio gisa jarriz. Espero dezagun, jarrera irekiagoa agertzea duela bi aste onartutako legearekin» adierazi du Kontseiluko ordezkariak.
Hori horrela izanik ere, Kontseiluko ordezkariak berretsi du gauzak aldatzen ari direla: «Herri gogo gero eta indartsuagoa dago gurea eta gurea bezalako hizkuntzen alde, duela bi aste lortu zen orain arte urrunago egon diren ordezkariak gurea bezalako hizkuntzen alde agertzea… Horri guztiari ere egin beharko diote aurre baldin eta legea bertan behera uzten badute» esan du.
Iruzkinik ez "Errealitatea ukatu eta izaera jakobinoari eusteko grina"