Hezkuntza legean euskara ardatz duen sistema definitzeko ordua iritsi da
Apirilaren 25ean, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak EAEko Hezkuntza Lege proiektua Eusko Legebiltzarrera helaraztea onartu zuen. Euskalgintzaren Kontseiluak proposamenaren balorazio gazi-gozoa egin zuen hizkuntza auziari dagokionez, eta argi adierazi zuen legeak «euskara gehiago» behar duela.
Gaur Eusko Legebiltzarrak gonbidatuta Hezkuntza Batzordearen aurrean agerraldia egin dute Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek eta Paul Bilbaok. Bertan, hezkuntza lege proiektuari egin dizkioten 33 zuzenketa zehatz aurkeztu dituzte, «hizkuntzaren korapiloa askatzeko ekarpen propositiboak, Kontseiluak prozesuaren hasieratik izan duen jarrera eraikitzaileari segida emanez».
Ekarpenak egiteko 2022ko urrian hezkuntza eragile nagusiekin eta gehiengo sindikalarekin batera adostutako lege-proposamena izan du oinarri. Kontuan hartu behar da proposamen hori dela egun euskararen inguruan izan den adostasun sozialik handiena eta zehatzena. Hartara, bertan jasotako neurri guztiak Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen proposamenean zuzenketa bidez txertatzen saiatu da Kontseilua. Halaber, ekarpen hauekin, Eusko Legebiltzarrak onartu zuen ponentzian positiboki baloratutako elementuak eta Legean deklinazioa izan ez dutenak ere berreskuratu ditu Kontseiluak.
Euskara iras- eta irakats-hizkuntza normalizatua
Kontseiluak egindako ekarpen nagusia «euskara ardatz duen sistema» definitzea izan da. Lege proiektuaren zirriborroen balorazioan aipatu zen bezala, legeak ahalik eta zehaztasun handienarekin jaso beharko luke euskara izango dela ikas- eta irakats-hizkuntza orokorra, auzitegien edo uneko gobernuen interpretazio murriztaile posibleak galarazteko.
Horrexegatik, Kontseiluak ondorengo definizioa gehitzea proposatu du 65. artikuluan: «Euskararen inguruan artikulatuta egoteak dakar berezko hizkuntza hezkuntza sisteman ikas- eta irakats-hizkuntza normalizatua izatea, bai eta jardueretan erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izatea ere». Halaber, Euskal Hezkuntza Sistema «euskaldun eleaniztuna eta kulturartekoa» izan behar dela zehaztu du. Izan ere, orain arte ikasleen euskalduntzean arrakasta handiena izan duena euskarazko eredua izan da, eta aurrera begirako berme bakarra ere bada.
Hizkuntza-proiektuen ebaluazioa eta baliozkotzea
Ikasleen hizkuntza-konpetentzien lorpenari dagokionez, 66. artikuluan, gutxieneko helburuen betetze-maila irakasle-taldeek ebaluatu beharrean, egindako ekarpenak ondorengoa zehazten du «ikastetxeek ebaluazio-prozesu zehatza plangintzatu beharko dute, eta horietako zenbait kanpo-ebaluazioak izango dira». Kontseiluaren iritziz, emaitza errealak ezagutzeko beharrezkoa da kanpo-ebaluazioa bermatzea.
Bestalde, 67. artikuluan, ikastetxeen hizkuntza-proiektuek euskara ikas- eta irakas-hizkuntza gisa hartzeaz gain, «euskararen ikaskuntza-prozesuan, modu orokorrean zein banaka, ikastetxearen errealitate soziolinguistikora egokitzeko irizpide orokorrak» jaso beharko dituzte, «euskara gutxiago duenari gehiago ematea» izan beharko delarik oinarria».
Bide beretik, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak hizkuntza-proiektuen baliozkotzea egitea proposatzen da, «hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak hizkuntza-proiektuak indarrean dagoen araudiarekin bat datorren aztertu eta baliozkotzeko eta, hala ez bada, aldatzeko eskatuko du» (68. art.). Hizkuntza-proiektuek legeak bildutako irizpideak jaso ezean, edota hizkuntza-gaitasunak bermatzeko egokia ez dela ondorioztatzen bada, «hizkuntza-proiektua aldatzeko beharra izango da, ikastetxearen ekimenez edo hezkuntza-administrazioaren kabuz». Hizkuntza-proiektua egokitu ezean «ez da programa-kontratua sinatzerik izango» (69. art.).
Euskal curriculuma ardatz
Gainera, Kontseiluak proposatu du Legeak euskal kurrikuluma bere horretan jaso behar duela. Horregatik artikulu berri bat eransteko ekarpena egin du, euskal kurrikuluma ardatz izan dadin. «Euskal dimentsioa eta dimentsio unibertsala barne biltzen dituen ikuspegia» jasoko dituen curriculuma, hain zuzen ere. Horretarako, irakasleak curriculumaren ulerkera honetaz jabetzeko eta berau garatzeko prestatuko dira, eta ikasmaterialak eta ikas-baliabideak garatu eta berauen erabilera arautuko dira.
Irakasleen euskara-gaitasuna eta ingurune-erabilera
Langileen hizkuntza-gaitasuna hobetzeari dagokionez, Legebiltzarrean onartutako itunaren espiritua mantenduz, 70. artikuluan irakasleek euskarako C2 maila lortzeko prestakuntza sustatzea eskatu du Kontseiluak, baita euskal kulturaren ezagutza izatea ere. Halaber, 73. artikuluan, euskararen ingurune-erabilerari buruzkoa, 25.3 artikuluaren espirituari jarraiki, euskara hezkuntza-sistemaren barruan lehenesteari eduki zehatza eman dio Kontseiluak: «Ikastetxeetan euskararen erabilera lehenetsiko da barne eta kanpo jarduera-harremanetan eta profesionalen arteko harremanetan, bai eta ikasleen eta irakasleen arteko harreman formal eta ez-formaletan ere», eta «Euskara erreferentzia-hizkuntza gisa indartuko da, bai eta ikasleen erabilera aktiboa sustatu ere».
Beste ekarpen batzuen artean, Kontseiluak proposatu du ikastetxeetako zuzendaritza-taldeetan hizkuntza-normalizaziorako arduradunak egotea (39. artikulua), edota ikasleei euskara ezagutzeko eskubidea bermatzeko euskararen ikaskuntzari ordu nahikoak esleitu beharra, zein «ezarritako gaitasuna lortze aldera ordu kopurua nahikoa ez den kasuetarako, ikastegiaren hizkuntza-proiektua aldatzeko prozedura eta bitartekoak».
Azkenik, Kontseiluaren izenean sartuko diren ekarpenak izan arren, ekarpenak gehiengo sindikalarekin eta hezkuntzako eragile nagusiekin jorratutako elkarlanaren eta adostasunaren ondorio dira. Horrexegatik, balio eta aitortza hori eman dakizkiela eskatu du Kontseiluak.
–
Argazkia: Eusko Legebiltzarra.