ELEN sareak Frantziar Estatuaren etengabeko hizkuntza-diskriminazioa salatu du Nazio Batuetan
Hizkuntza Berdintasunerako Europako Sareak (ELEN) eta Estatu frantzesezko kide diren erakundeek kexa formala aurkeztu dute Nazio Batuetan, Frantziako Estatuak berezko hizkuntzak etengabe diskriminatzen dituelako.
Neurri hori Konstituzio Kontseiluak Molac Legeari buruz hartutako erabaki eztabaidagarri baten ondorioz hartu da; izan ere, erabaki horren ondorioa izan da berezko hizkuntzen murgiltzea eta erabiltzea Konstituzioaren aurkakoak eta, beraz, legez kanpokoak izatea.
Molac Legeak, Asanblea Nazionaleko eta Senatuko diputatuen gehiengo zabal batek bozkatua, lurralde hizkuntzei nolabaiteko onarpena eman eta murgiltze hezkuntza babestu nahi zuen, baina Konstituzio Kontseiluaren erabakiak ahuldu egin du. Are gehiago, erabakiak ez ditu betetzen giza eskubideen nazioarteko hainbat itun lotesle, Haurraren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmena eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmena, besteak beste.
Tangi Louarn ELENeko presidenteordeak salatu duenez, “Frantziak, Turkiarekin batera, gutxiengo linguistikoen eskubideak onartzeari uko egiten dion Europako Kontseiluko azken estatuetako bat izaten jarraitzen du”.
Bestalde, Davyth Hicks ELENeko idazkari nagusiak honakoa adierazi du: “Kontseilu Konstituzionalaren epaia zentzugabea iruditzen zaigu. Erabat onartezina eta diskriminatzailea da, eta, batez ere, Europako balioen eta hizkuntzen irakaskuntzan jardunbide egokien aurka doa “. ELEN urrats bat harago joango dela azaldu du Hicksek, eta “eskuragarri dauden plataforma guztiak erabiliko ditugu nazioarteko erakundeetan erabaki hori baliogabetzeko“.
Nazio Batuetan aurkeztutako gutunak Frantziar Estatuko ELENeko kide diren erakundeen babesa du, baita sare honetako kide eta lehendakariordea den Euskalgintzaren Kontseiluarena. ELEN nazioarteko gobernuz kanpoko erakundea da, eta Europako berezko hizkuntza gutxituak sustatzen eta babesten lan egiten du. 46 hizkuntza ordezkatzen ditu, Europako 23 estatutako 166 erakunde kiderekin.
Gutuna irakurtzeko (frantsesez): https://elen.ngo/wp-content/uploads/2021/07/ELEN-Lettre-dall%C3%A9gation-au-rapporteur-sp%C3%A9cial-des-Nations-unies-sur-les-minorit%C3%A9s-2.pdf
Iruzkinik ez "ELEN sareak Frantziar Estatuaren etengabeko hizkuntza-diskriminazioa salatu du Nazio Batuetan"