Herri bozetan hautatutako 22 auzapez hizkuntza-politika planifikatuak abian ezartzea eta garatzearen alde
Euskararentzako bide berriak urratzeko aukera zabaldu du Ipar Euskal Herriko herriko etxeetako bozen bigarren itzuliak. Izan ere, bozetan hautatutako 22 auzapezek izenpetuta dute Kontseiluaren eta Euskal Konfederazioaren engaiamendua euskararen garapenaren aldeko hizkuntza-politika planifikatuak abian ezartzea eta garatzearen alde. Engaiamenduan, besteak beste, hizkuntza-politikaren gauzapenean gizarte eragileek egiten dituzten ekarpenei aitortza egiten zitzaien.
Aipatu engaiamenduaren berri Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Garapena Herriko Etxeetan dokumentuarekin batera aurkeztu zuten kolore kolore politiko ezberdinetako ordezkarien aurrean otsailean. Izan ere, Protokoloaren Herriko Etxeetako Garapenak euskara hainbat arloetan garatzeko neurri zehatzak jasotzen ditu. Hala nola, herriko etxeak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuetan, herriko etxearen komunikazio jardueran, herriko etxeko barne funtzionamenduan edota herriak eragina duen eremuetan (hezkuntzan, eremu sozioekonomikoan, kulturan…). Gainera, baliagarria da herriko etxeko hizkuntza politika berri bat abiatzeko edo jadanik abiatutakoari segida emateko.
Hauteskundeen aurretik izenpetu zuten auzapezek engaiamenduaren dokumentua, eta horietatik hogeita bik lortu dute auzapezgoa. Hala nola, Baionan, Donapaleun, Hendaian, Itsasun, Bidarten, Urruñan, Senperen, Azkainen, Uztaritzen, Ezpeletan edo Ziburun, besteak beste. Biztanle kopuru esanguratsuko herriguneak direnez, euskararen garapenean bide berriak zabaldu litezke datozen sei urteotan, izenpetutakoa egunerokora ekartzen hasteko aukera izanen dutelako. Gainera, Euskal Elkargoan ere eragina izan lezakete, bestelako hizkuntza-politiken alde eraginez.
Iruzkinik ez "Herri bozetan hautatutako 22 auzapez hizkuntza-politika planifikatuak abian ezartzea eta garatzearen alde"