Lan eta bizi euskaraz. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko estrategia berriak arnasguneetatik
Ekainaren 13an, UEUren Uda Ikastaroen barruan, Lan eta bizi euskaraz. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko estrategia berriak arnasguneetatik jardunaldia elkarlanean antolatu dugu Udako Euskal Unibertsitateak eta Euskalgintzaren Kontseiluak. Galtzaundi Euskara Taldea laguntzaile eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta Tolosako Udala babesle izan dira.
Euskararen normalizazioaren ikuspegitik, eremu sozioekonomikoaren eragina eta izaera egituratzailea agerikoa da. Gure bizitzaren parte handi bat lanean ematen dugu eta beste parte handi bat inoren lanaz baliatzen. Hala ere, jakin badakigu, hizkuntzaren aldetik harreman sozioekonomikoak ez direla neutroak: merkatuaren indarrek hizkuntza batzuk bultzatzen eta indartzen dituzte, eta beste batzuk zokoratu eta ahuldu.
Hala, geroz eta globalizatuago, neoliberalizatuago eta tertziarizatuago dagoen ekonomia batean ba al da lekurik euskararentzat? Enpresa ikuspegitik, baldin eta halakorik badu, zein da euskararen balio erantsia? Borroka sindikalean zein paper dauka hizkuntzak? Politika publikoen bidez bideratzen diren neurriak nahikoa al dira eremu sozioekonomikoan euskara normalizatzeko? Arnasguneek, dituzten ezaugarriengatik, zein aukera eskaintzen dituzte estrategia berrien diseinurako?
Udako ikastaro honek plaza eskaini nahi du eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko estrategia, diskurtso eta lan-ildo berriak elkarrekin pentsatzeko.
Helburuak
- Eremu sozioekonomikoan euskararen normalizaziorako orain arteko estrategiak aztertu eta errezeta berriak proposatzea.
- Arnasguneen iraupenerako lan munduaren aldagaiak duen garrantziaz hausnartzea, bai eta lan mundua euskalduntzeko arnasguneetatik bultzatu daitezkeen estrategiak jorratzea.
- Lan mundua euskalduntzearen aldeko diskurtsoaren lanketa egitea begirada desberdinetatik.
Nori zuzenduta
- Euskararen normalizazioaren alde lanean diharduten gizarte eragileetako kideei.
- Euskara teknikariei.
- Aholkularitza eta enpresa munduko kideei.
- Sindikatuetako kideei.
- Hizkuntza politikan eta gizarte eraldatzeko prozesuetan interesa duen edonori.
2024-06-13
Egitaraua
09:00 – 09:15 Harrera eta dokumentazio banaketa.
09:15 – 09:30 Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena.
- Aitor Bengoetxea Alkorta, UEUko Zuzendaria.
- Idurre Eskisabel Larrañaga, Kontseiluko Idazkari Nagusia.
- Manex Mantxola Urrate, Kontseiluko Koordinatzailea.
09:30 – 10:00 Euskara lan munduan? Mundutik euskarara.
- Ibon Arrizabalaga de Mingo (Bai Euskarari Elkarteko zuzendaria)
10:00 – 11:00 Lan mundua euskalduntzeko egungo mekanismoak eta etorkizuneko erronkak. Aholkularitzen sektorea:
- Elias Zumalde (Emun)
- Aitziber Salaberria (Elhuyar)
- Eider Iturricastillo (Artez)
- Txarles Ranero (AHIZE)
- Moderatzailea: Leire Goñi Iradi (Kontseilua)
11:00 – 11:45 Sustapenetik araugintzara: Hizkuntza Klausula Sozialak.
- Iñigo Urrutia (EHU)
- Arritxu Zelaia (UEMA)
11:45 – 12:15 Atsedenaldia.
12:15 – 13:00 Hizkuntzen kudeaketa arduratsua enpresetan: enpresa euskaragileak.
- Leire Okaranza (Fagor)
- Egoitz Arteaga (EIKA)
13:00 – 14:00 Langile borroka eta euskara.
- Urko Aierbe (LAB)
- Pello Igeregi (ELA)
- Sabin Zubiri (CCOO)
14:00 – 15:30 Bazkaltzeko tartea.
15:30 – 16:15 Hizkuntza politika sormenetik.
- Amagoia Gurrutxaga (Lanartea)
16:15 – 16:30 Ondorioak eta itxiera
–