«Traineruko hizkuntza nagusi euskara izan dezaten animatu nahi ditugu arraunlariak, euskararen aldeko erreferente sozial izan daitezen»
Kontxako estropadaren kariaz datorren igandea arraunaren egun handia izanik, Euskalgintzaren Kontseilutik euskara erabiltzeko deia egin nahi diegu Euskal Herriko arraun-talde eta arraunlariei. Ikus-entzunezko emankizunetan izan diren aurrerapenen ondorioz, traineruko kideen arteko solasa ikuskizunaren parte garrantzitsu bihurtu da.
Era berean, jakina da euskara bezalako minorizatutako hizkuntzen normalizazio eta biziberritze prozesuetan erreferente sozial diren pertsonen hizkuntza praktikek nolako eragina duten.
Horregatik, eta aintzat harturik arraunlarien gehiengoa euskalduna dela, traineruko hizkuntza nagusi euskara izan dezaten animatu nahi ditugu arraunlariak, eta jarrera horren babesle eta bultzatzaile izatera arraun-talde eta federazioak. Euskararen normalizazio eta biziberritzea guztion zeregina da.
–
Argazkia: Imanol Lasa, Gipuzkoako Artxibo Orokorra (GFA). CC BY-SA 3.0