Eskubide-murrizketak salatzeko manifestazioa uztailaren 2an Iruñean
Euskalgintzaren Kontseiluak, erakundea osatzen duten zenbait bazkidetako ordezkariekin batera, agerraldia egin du Iruñeako Katakrak Aretoan. Hain zuzen, uztailaren 2an Iruñean antolatuko duen manifestazioa iragarri du; Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! lelopean, 18:30ean abiatuko da mobilizazioa Baluarteko plazatik. Agerraldian izan dira, besteak beste, AEK, IKA, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen eta EHEko ordezkariak, bai eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria ere.
Jarrera onartezina
Lehenik eta behin, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok gogora ekarri du 2019ko urrian Nafarroako Justizia Auzitegiak administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen 103/2017 Dekretuaren hainbat artikulu baliogabetzeko argitaratutako epaiaren inguruan egindako irakurketa, «justiziari, berdintasunari eta kohesioari muzin egiten dien epaia izan zela» adiearaziz. Bide horretan, Kontseiluak Gobernuari eskaera bat egin zion: «Justizia, kohesioa eta berdintasuna ardatz dituen gizarte bat eraikitzeko urratsak egin eta ausardia izan zezala, eta bide horretan gutxienez, epaiari kasazio-helegitea jar ziezaiola epaiarekin bat egiten ez zuela erakusteko». Are gehiago, egun batzuk geroago eta gehiengo sindikalarekin batera, ehunka herritar bildu zituen Kontseiluak Nafarroako Gobernuko jauregiaren aurrean eskaera hori berresteko, eta Gobernuko ordezkariekin ere bildu zen eskaera bera egiteko.
Bilbaok gogoratu du ausardia eskatu ziotela Gobernuari: «Ausardia eskatu genion beste garai bateko hizkuntza-politika ilunetara ez itzultzeko, epaiarekiko desadostasuna irmoki agertzeko». Tamalez, erantzuna bestelakoa izan zen, eta albait arinen horrelako epaiak saihestuko zituen dekretua onartuko zutela aurreratu zioten ordezkariek Kontseiluari. Bilbaok azpimarratu nahi izan duenez, «2019ko urriaz ari gara hizketan».
Horrexegatik, hain zuzen, Kontseiluak gaitzetsi zuen Gobernuak helegitea ez jartzeko hartu zuen erabakia, eta «erabakia birpentsatzeko eskaera egin genion Nafarroako Gobernuari, zuzen jokatzeko denbora bazegoelako», azaldu du.
Urte eta erdiren eta hainbat lan-deialdiren ostean, Kontseiluko eledunak ozen salatu du dekretu berririk ez dela egon. Honakoa izan da, beraz, Nafarroako Gobernuak lan-deialdiekin aurrera eramandako politika: automatikoki baztertu du euskararen ezagutza, derrigorrezkoa edota merezimendukoa, ehunka lanpostuetan. «Azken hilabeteetan honez gero ahaztutzat genuen hizkuntza-politika iluna aplikatu dute behin eta berriro lanpostu publikoei dagokienez», gaineratu du Bilbaok.
Dekretu berriaren arriskuak
Horrekin batera, Kontseiluko eledunak dekretu berriaren inguruan zabaltzen ari den eztabaidarekin kritiko agertu da: «Biziki kezkatzen gaitu nola ari den kudeatzen dekretuaren afera: lotsagarria da eragileoi dekretuari buruzko inolako informaziorik bidali ez izana, baina, aldi berean, hedabideetan filtrazioak behin eta berriro egitea». Bilbaoren hitzetan, «argi dago, hizkuntza-eskubideak alderdikeriekin nahastea dutela helburu».
Horrekin batera, bilguneko idazkari nagusiak dekretuaren eztabaida parametro desegokietara eraman nahi izatea salatu du. Bilbaok adierazi duenez, «sinestarazi nahi digute dekretuaren korapiloa txikia dela, hain zuzen ere, legeak ezarritako eremu ez euskaldunean euskara ez baloratzea edota alemana bezala baloratu beharko den ebaztea». Baina eztabaida parametro egokietara eraman, eta «onartu behar den dekretuak herritarren euskararen erabilera erosoa bermatzeko balio duen ala ez aztertu beharko da» eledunaren hitzetan. «Dekretu integrala behar dugu, are gehiago kontuan hartuta herritarrak diskriminatzen dituen legea dugula».
Kalera ateratzeko beharra
Hori guztia kontuan hartuta, herritarrei badagokie desadostasuna kalean erakustea Kontseiluaren arabera. Duela bi urte bilgunea Gobernuari ausardia eskatzeko atera zen, bai eta babesa eskaintzeko ere. Orain haserrea agertzeko ez ezik, herritar guztien eskubideen bermea ahalbidetuko duen dekretua eskatzeko eta aldarrikatzeko ere atera beharra mahai gaineratu du Kontseiluak.
Bilbaoren arabera, «unea da eskubide murrizketak ahalbidetuko dituen dekretuaren aurka ozen eta sendo agertzeko». Horretarako aukera izanen da, hain zuzen, uztailaren 2an, arratsaldeko 18:30ean Baluarteko plazan hasiko den manifestazioan. «Justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren aldeko aldarria eginen dugu», esan du Kontseiluko arduradunak.
Iruzkinik ez "Eskubide-murrizketak salatzeko manifestazioa uztailaren 2an Iruñean"