Nafarroako Gobernu akordioa atzerapausoa da euskarari dagokionez
Atzerapausoa. Horrela baloratzen du Euskalgintzaren Kontseiluak, hizkuntza auziari eta euskararen sustapenari dagokionez, Nafarroako Gobernu berria eratuko duten alderdi politikoek sinatu duten 2023-2027 legegintzaldirako akordio programatikoa.
Euskararen trataerari erreparatuta, ez da inolako berrikuntza esanguratsurik jaso duela lau urte hasitako legegintzaldiaren akordio programatikoaren eta 2023 honetan publiko egin berri dutenaren artean, eta dauden aldaketak ere okerrerako izan dira, 11 puntutik 8ra pasatuz. Izan ere, hizkuntza-politikaren atalari dagokionez, hamaika puntu jasotzen zituen 2019ko akordioak. Akordio berrian, aldiz, hamaika horietarik zortzi berdin-berdin mantendu dira, bi desagertu eta bat desadostasunen atalera pasa da. Beraz, bi dokumentuen edukiak aztertuz gero, objektiboki atzera egin dela ondorioztatu daiteke.
Gainera, lehenengo puntutik hasita, euskararen normalizazioa eta sustapena konfrontazioarekin eta diskriminazio-sentimenduekin lotzen dira, baina herritarron hizkuntza-eskubideen inolako aipamenik egin gabe.
Aldaketarik larriena, Kontseiluaren iritziz, Euskararen II. Plan Estrategikoa garatzea jasotzen zuen puntua desadostasunen atalera pasatu izana da. Aurreko legegintzaldian Nafarroako Gobernuak prozesu partehartzaile zabal bat egin zuen, non Nafarroa osoko gizarte eragileek eta alderdi politiko guztiek parte hartu eta ekarpenak egin zituzten. 2021ko abenduaren 21ean, Euskararen Nafar Kontseiluak planaren azken proposamena bozkatu eta onartu egin zuen, eta Kontseiluak planaren anbizio falta nabarmendu bazuen ere, Gobernuak jarraian blokeatu eta kajoi batean gorde zuen. Nola uler daiteke Euskararen Plan Estrategikoa garatzea adostu zuen Gobernu berak lau urte beranduago honen onarpena desadostasunen atalera pasa izana? Zein plangintzaren arabera gauzatuko da orduan hizkuntza-politika datozen urteotan?
Kontseiluak onartezina deritzo balizko desadostasunaren aitzakiarekin hizkuntza-eskubideen aitortzan eta bermean aurrerapauso bakar bat ere jaso ez izanari. Desadostasuna argudiatuz, milaka nafarri eskubideak ukatzen jarraitzeari, bizitokiaren arabera herritarren diskriminazioa betikotzeari.
Honi loturik, akordio berriaren zazpigarren puntuari begiratuta, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunaren gomendioak eta Adituen Komitearen Ebaluazio Txostenean jasotakoak aintzat hartuko direla irakur daiteke. Hala ere, gogoratu behar da Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak berak zonifikazioa berrikusteko eskatu ziola Nafarroako Gobernuari, euskaldun gehien biltzen dituen “eremu misto” delakoan eskubide ugari ez zaizkielako aitortzen herritarrei.
Gizarteko geroz eta sektore gehiago hizkuntza-politika ausartagoak egiteko garaia dela esaten ari diren bitartean, alderdiek lortutako adostasunak zortzi puntu berdin eta hiru puntu gutxiago jasotzen ditu legegintzaldi honetarako hizkuntzaren atalean. Nafarroa osoko herritar guztiei eskubide berdinak aitortuko lizkiokeen ofizialtasuna ez da aipatu ere egiten. Halaber, Gobernu berria babestuko duten alderdien gehiengoak beraien programetan zonifikazioarekin bukatzea eta aurrerapausoak ematea lehentasunezko eta funtsezkotzat jasotzen zuten arren, akordioan ez du deklinaziorik izan.
Ondorioz, Kontseiluaren ustez, Legegintzaldiaren abiaburua ez da euskal hiztunek eta euskararen normalizazioak behar dutena. Hala ere, oraindik lau urte daude noranzko onean jartzeko eta helburu horrekin eragingo du Kontseiluak.